Muruetak 560 kiloko finalagaz amaituko du aurtengo goma gaineko txapelketa
Zapatu arratsaldean Berriozarko Kiroldegian lehiatuko dute 2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren 560 kiloko finala.
2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa asteburu honetan amaituko dute.
Zapatuan [otsailak 15], 17:00etatik aurrera, 560 kiloko finala lehiatuko dute gizonezkoen taldeek, eta emakumezkoetan, ostera, 500 kiloko aurtengo txapelduna erabakiko da. 560koan Murueta, Gaztedi, Beti-Gazte, Ibarra, Berriozar eta Txantrea ariko dira txapela lortzeko lanean. 500 kilokoan, Gaztedi, Beti-Gazte, Antsoain, Txantrea, Ibarra eta Badaiotz lehiatuko dira. Biharamunean, talde mistoen txanda izango da: Ibarra, Beti-Gazte, Berriozar, Antsoain, Txantrea, Bizindar, Gaztedi A eta Gaztedi B.; 580 kiloko finalagaz amaituko dute aurtengo goma gaineko txapelketa.
Jon Eskibel Muruetaren entrenatzailearen berbetan, finala oso zaila egongo da: “Zenbat eta pisu txikiagoa izan, lehiatuagoa izaten da. Tiradak lehiakorragoak izaten dira, luzeagoak. Jendea oso prestatuta egoten da. Baina, medaila artean sartzen ahaleginduko gara. Nire burutasuna hori da. Edozer gerta liteke, baina gauzak ondo joanda aukerak ditugu”.
Faborito argia Beti-Gazte talde nafarra dela nabarmendu du: “Dena irabazten ari da. Iaz ere oso ondo aritu zen, baina aurten ikaragarria da. Urrunetik ikusten da talde prestatuena bera dela”. Zozketek zelan baldintzatzen duten ere aitatu du: “Ez da berdina lehen tiraldia Beti Gazte edo Ibarraren kontra egokitzea edo beste talde baten kontra. Esaterako, eurek elkarren kontra hasten badira, nekatuago daude hurrengoetarako”.
600 kiloko finala. Muruetak aurreko zapatuan [ otsailak 8] Ibarran jokatu zuen 600 kiloko finala eta bosgarren sailkatu zen. Beti-Gazte izan zen txapelduna; Ibarrarentzat izan zen zilarrezko domina eta Gaztedirentzat brontzezkoa.
Muruetaren entrenatzaileak azaldu duenez, azken orduko lesio batek guztiz baldintzatu zien jardunaldia. “Uribe Kostako Iñaki Ugarte ari da aurten gurekin. Taldearen euskarri ezinbestekoa da eta azken momentuan lesionatzeak zuzenean eragin zigun. Blokea ez zen egon gustura; ez ginen sartzen sokan. Bertan ere jendea aldatzen ibili nintzen hobeto aritzeko. Dena hankaz gora irten zitzaigun”.