Zuengandik gertuago
Gernika-Lumoko egoitza aldatu du HITZAk, eta hastapenetara buelta egin du lantaldeak. Elbira Iturri kalean izango gaituzue aurrerantzean, proiektua jaio zen kale berberean.
Atzera begiratu eta aurrera goazela ikusi. 2005ean sortu zen Busturialdeko Hitza egunkaria, eta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzaren parte gara gaur egun.
Hamabost urte joan dira, eta hirugarren bulegoa ezagutu dugu Busturialdeko lantaldekoek. Pedro Aboitiz Isasi kaleko bulegoan hasi ginen, eta kale berean gaude orain. Kale horrek, baina, beste izen bat du orain: Elbira Iturri.
Beko Ibarrako bulegoan ia bederatzi urte egin ostean, herrigunera, eta erdigunera bueltatu gara: zuengandik gertuago gaude orain. «Hitza herritarrengandik sortutako proiektua da, eta herritarrak, elkarteak, taldeak, eragileak eurak dira eguneroko gure lanaren oinarria. Horregatik, gu ere eurengandik eskuragarri egotea garrantzitsua dela uste dugu», azaldu du Sustapen arduraduna den Idurre Arrazolak.
Hamabost urte joan dira, eta hirugarren bulegoa ezagutu dugu Busturialdean
Proiektuaren hasiera bizi izan zuen gaur egun zuzendariordea den Oihana Cabellok, eta hamabost urteren ostean, bertoko lantaldean jarraitzen duen bakarra da gaur egun. «Proiektuaren beraren filosofia eta betetzen duen funtzioa ez da aldatu; are gehiago, gaur egun profesionalagoa dela esango nuke. Hala ere, bidean hainbat oztopori egin behar izan diegu aurre, eta egoera ekonomikoak bultzatuta, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzarekin bat egin genuen 2011. urtean».
Egokitzearen beharra. Busturialdean, Bermeon eta Gernika-Lumon daude gure bulegoak. Eskualdeko herririk handienetatik mugitzen gara gainontzeko hamazortzietara. «Sare handia daukagu, eta herrietan gertatzen denaren berri izateko gure informazio iturrien zerrenda handitu egin da hamabost urteetan. Hori pozgarria da, Hitza egunero orriak idazten ditugunok baino behiago garelako», azaldu du Cabellok.
Martitzenetik barikura bitartean, egunero kaleratzen dugu egunkari: zortzi orrialdekoa martitzenetik eguenera eta 32 orrialdekoa barikuetan –16 orrialde Bizkaiko Hitzakoak-.
Eguneroko lana egiteko, bulegoa herrigunean izatea aberasgarria izango delakoan gaude. «Argi dago bulego berriaren kokapena lagungarri izango zaigula gure eguneroko lana egiterako orduan; baina argi daukagu, baita ere, eragile, talde, herritar, harpidedun eta, azken finean, denengandik gertuago eta eskuragarriago egongo garela. Hartu-eman horiek mantentzea, eta indartzea, ezinbestekoa dugu etorkizun bat eraikitzen jarraitzeko», esan du Arrazolak.
Eguneroko lana egiteko bulegoa herrigunean izatea aberasgarria da
Bulegoz aldatzea «etapa berria» hasteko aukera ere bada, Arrazolaren ustetan. «Hamabost urte ez dira gutxi, eta aldatzen ez dena hiltzera kondenatuta dagoela esan ohi da. Horregatik, garai eta beharrizan berrietara egokitzeko aukerei ere zabalik egon behar dugu. Horien artean, sare sozialak, webgunearen berritasunak, Internet bidezko publizitatea, Hitzakideak edo harpidetza digitala egitearen aukera». Informazio gehiago gura duenak bulego berrian izango gaitu.