"Musika argazkilaritza gehiago baloratzen da hemendik kanpora"
Bere bi zaletasunak uztartuta, musika eta argazkilaritza, kontzertuetako argazkiak ateratzen ibiltzen da Eider Iturriaga bermeotarra; musika talde askorekin lan egin du, bai eta musika jaialdietan ere.
Eider Iturriaga (Bermeo, 1983) argazkilari bermeotarra eta Ibai Arrieta argazkilaria Berri Txarrakegaz batera ibili dira taldearen azken biran. Bira horretan jasotako irudiekin atera dute ondoren Berba eta irudia argazki bilduma.
Argazkilaritza munduan Izarbe Photo modura ezaguna zara. Nondik dator izena?
Facebookeko kontua sortu nuenekoa da, ez nuen nire izena jarri gura. Asteburu horretan Zuberoan egon nintzen eta bi mendi igo nituen; Izarbe eta Otsogorri, eta hala jarri nuen perfil pertsonaleko izena: Izarbe Otsogorri. Gerora, zuzeneko kontzertuetan argazkiak ateratzen hasi nintzen eta jendeak uste zuen Izarbe deitzen nintzela. Orrialdea zabaldu nuenean Izarbe mantentzea erabaki nuen.
Zelan hasi zinen argazkilaritza munduan?
Txikitatik izan dut zaletasuna. Bideoak zein argazkiak egiten nituen. Kamara analogikoagaz hasi nintzen zuzeneko kontzertuetan lehenengo argazkiak ateratzen. Hala ere, orduan gehiago ataratzen nituen paisaiak edo beste mota bateko argazkiak, eta diapositibetan errebelatzen nituen. Nire beste zaletasunetako bat musika da, eta 2009. urte aldera kamara digitala erosi nuenean kontzerturen batera eraman nuen; Belakoren lehenengo kontzertuetako bat izan zela gogoratzen dut. Entzule modura egin nituen argazkiak eta gustua hartu nion.
Bi zaletasun uztartu dituzu; musika eta argazkilaritza.
Astelehenetik barikura beste lanbide bat daukat, baina egia da pozgarria dela gustuko duzun horretan aritu ahal izatea. Bi lanak tartekatzen ditut.
Musika talde askorekin zuzenekoetan ibilitakoa zara.
Bai, hala da, asko eta asko dira eta musika jaialdietan ere parte hartu izan dut.
Berri Txarrak taldearen azken biran egoteko aukera izan duzu eta argazkiak, gainera, liburu batean argitaratu dira. Garrantzitsua izan al da?
Bai. Askotan esan dut, gainera, . Hortaz, horrelako lan batean parte hartu ahal izatea eta norberaren lana balioan jartzea pozgarria da. Talde batek ni kontratatzea eta eurekin bira oso bat egiteko aukera edukitzea asko izan da niretzako. Formatu fisiko batean argazkilaritza liburu bat argitaratzeak beste batzuei bidea egitea ere bada, eta oso ona da. Duda barik, lan garrantzitsua izan da niretzat.
Gustura ibili al zara Berri Txarrakekin lanean?
Oso. Aurretiaz harremana bagenuen, 2013tik. Taldearen zenbait kontzertutako argazkiak ateratzen ibili nintzen. Baina, taldearen azkeneko bira horretan parte hartzeko aukera edukitzea izugarria izan da.
Zaila ala erraza al da agertoki gainean argazkiak egitea?
Ezin dut esan erraza denik. Oso arina izan behar zara, gauzak arin gertatzen baitira. Argiak arin doaz, taldekideak arin mugitzen dira…arintasuna beharrezkoa da. Hortaz, argazki kamara eta argazkilaritzaren kontrol osoa edukitzea garrantzitsua da. Erraza ez da, baldintzak ere ez direlako onenak. Paisaiak ateratzean, esaterako, munduko denbora guztia daukazu; tripode bategaz egon zaitezke denbora asko, geldi. Kontzertutetan, berriz, parametroak arin batean aldatu behar dituzu.
Zer behar du argazki batek ona izateko?
Artea oso subjektiboa da. Teknikoki, agian, bai esan daiteke argazki bat ona den ala ez, baina gainontzekoa gustuen araberakoa da. Kalitate minimo bat beteta, hortik aurrera jendearen gustuaren araberakoa da.
Zer da argazkilaritza munduan gehien gustatzen zaizuna?
Pertsonak ateratzea gustatzen zait, eta ahal dela eurak konturatu barik. Arimak lapurtzea gustatzen zait.
Internetek eta sare sozialek lagundu egiten al dute?
Alde txarra eta ona daukate. Argi dago ikusgai egoteko sare sozialak garrantzitsuak direla, eta niri asko lagundu didate. Baina txarra ere bada zure lana sare sozialetara soilik mugatzea eta like horietatik bizitzea; askok bere lana egiten dute sare sozialetara bakarrik bideratuta. Kasu horretan, argi dago, arazo bat dagoela. Berri Txarraken liburuagaz gertatzen dena da, formatu fisikoan edukita, sare sozialek ez daukaten gauza bat daukazula esku artean. Durangoko azokan gertatu zitzaidan ume batekin, liburua hartu eta atzamarrekin egiten zuen zooma, telefono mugikor batean egiten den modura. Hor pentsatu nuen: begira zer gertatzen ari den.
Urtarrileko Gaztezuloren azalean agertu zara. Kamara aurrean nola moldatzen zara?
Gai horrekin adiskidetzen ari naiz. Egunaren arabera, eroso sentitzen naiz ala ez, denori gertatzen zaigun gauza dela esango nuke; beti ez ditugu sentsazio berberak. Segurtasun eza ere hor dago. Kamara atzean egotera ohituta nago, orduan kamara aurrean jartzeak esfortzu bat suposatzen du niretzat. Argazkietan, gainera, denok txarto ikusten gara. Orokorrean gertatzen den gauza bat dela esango nuke, eta ohitu beharra dago.
Baina emaitzarekin pozik al zaude?
Bai, bitxia ere bada. Ikastetxeetan ibiltzen naiz eta irakasle geletan edo liburutegietan Gaztezulo dago, eta nire burua hor ikusten dut.
Argazkilaritzari buruzko ikastaroak ere eman dituzu, ezta?
Gutxi eman ditut, baina esperientzia oso polita izan da; gustukoa dut, gainera. Bartzelonan eman nuen bat eta hileon Gaizteizen Idearten beste bat eskainiko dut. Iaz, Berri Txarraken azken birarekin lanpetuta ibili nintzen eta ez nuen denbora lar eduki, baina halako gehiago egitea gustatuko litzaidake.
Aurrera begira, zer daukazu buruan?
Berri Txarraken liburuarena oso arina izan da, orduan, orain, nire kontura eta presa barik liburu bat egin gurako nuke; oraindik, baina, gaia finkatu barik daukat. Argazkiz osatutako liburua izango da, baina nik neuk dena erabakita. Ez dakit zertaz ez noiz, baina hori daukat buruan.
Hasi zinenean horrelako arrakasta izatea espero zenuen?
Ez, inondik inora. Txikitasunetik egiten dut lan, eta txiki ikusten dut nire burua. Kontzientea naz lortu dudanagaz baina hori ere jendeak askotan errepikatu didalako. Oinak, hala ere, lurrean dauzkat.
Bermeon zure lana ezagutzen al da?
Bermeotik kanpo hasi nintzen mundu honetan, eta mundu paralelo batean egon naiz. Uste dut herritarrak orain hasi direla nire lana ezagutzen. Bermeoko jendeak jakin barik bide bat egiten ibili naiz. Gaztezuloko azalaren ostean hasi dira bermeotarrak nire gurasoak ere kalean gelditzen.