Gaztelugatxek gehienez 3.024 bisitari hartuko ditu egunean
Sarbidea mugatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak martxoaren 14tik aurrera; BI-3101 errepidearen lanak eta autobus geltoki berria egiteko obrak datorren astean bukatu nahi ditu aldundiak.
Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxera sarbidea mugatuko duela jakinarazi du gaur. Prentsaurrekoa eman dute Iraunkortasuna eta Ingurune naturala zaintzeko foru diputatua den Elena Unzuetak eta Azpiegiturak eta Lurralde Garapenerako foru diputatua den Imanol Pradalesek. Hala, aldundiak hartutako erabakiaren berri eman dute; alegia, Gaztelugatxek egunean gehienez 3.024 bisitari hartuko dituela martxoaren 14tik aurrera. Gainera, Unzuetak azaldu duenez, “uneoro uhartean edo haitzaren esparruan gehienez 340 pertsona egon ahalko dira”. Neurri horrekin Gaztelugatxeren aberastasuna babestu nahi dutela esan du eta, era berean, enklabea bisitatzen duten pertsonen segurtasuna bermatu.
Hori dela eta, bertara joateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik plaza erreserbatzea, Foru erakundeak 2018ko udan abian jarri zuen ticketing plataforma digitalaren bitartez.
Gaztelugatxeko turismo-erabilera eta biotopo babestu horren zaintza bateragarri egite aldera hartu du Aldundiak erabakia, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritzako teknikariek egin duten azterlan bat hartu dute oinarritzat, espazio publikoetako segurtasunaren arloan indarrean dagoen araudia erreferentziatzat hartuta. Bi diputuatuek prentsaurrekoan azaldu dutenez, Gaztelugatxeren ezaugarriak eta araudi horretan jasotako parametroak kontuan harturik egin dute proposamena, eta hori izango da praktikan jarriko dutena.
Oinezkoentzako pasabidea. Oinezkoei begira, Bakio eta Bermeo lotuko dituen bidexka egitea ere aurreikusi du aldundiak; gutxi gorabehera 7,5 kilometro izango dituena. Aurreikusi dutenez, Bermeoko udal kiroldegiaren aparkalekutik hasiko litzateke ibilbidea, eta Matxitxakoko itsasargi zaharretik, Lurgorriko askaldegitik eta Gaztelugatxeko San Kuan baselizatik igaroko litzateke.
Oinezkoentzako bide hori sortzeko lanen barruan, Erleko punta begiratokia egokitu nahi du aldundiak, mugatzen dituen hormigoizko horma eraitsiz eta egurrezko baranda batekin ordezkatuz,. Altzariak eta seinaleak ere berritu nahi ditu.
Pasealeku hori sortzeko aurrekontua 1.200.000 eurokoa izango da, eta 2022. urtearen amaieran amaituta egongo dela aurreikusten da.
493.000 euroko inbertsioa errepidean. Bestalde, Gaztxelugatxera heltzeko errepidean egin diren eta egin behar dituzten lanei buruz hitz egin du Pradalesek. Foru diputatuak esan duenez, lanean ari dira inguru horretako pertsonen eta zirkulazioaren segurtasuna hobetzeko. Gaineratu duenez, datorren astean amaituko dituzte BI-3101 errepidearen eta errepide zaharraren arteko elkarguneko obrak, baita autobus-geltoki seguruagoa egiteko lanak ere. Pradalesek azaldu legez, gurutzabidea Bakio-Bermeo errepidearen bihurgune batean dago, eta aparkaleku-eremurako sarbidea ematen du. Baina Bakiotik datozen ibilgailuek ezkerrerantz biratze arriskutsua egin behar dute, eta berdin aparkalekutik irten eta Bermeorantz doazenek.
Bestalde, Bakio-Bermeo errepide zaharraren lehen metroetan markesinadun autobus-geltoki berria egin du aldundiak. Horrela, Gaztelugatxera autobusez doazen pertsonak orain arte baino eremu seguruago batean sartu eta irten ahal izango dira autobusetara.
Autobusen maniobrak errazteko, biraketa-plataforma bat ere jarri du aldudiak bertan, autobusek bidaiariak utzi edo hartu ondorien errepidera berriro sartzeko aukera izan dezaten. Geltoki eta biotopoaren sarreraren artean, gainera, espaloiak egin ditu foru aldundiak.
Errepidean egin dituzten lanotarako 493.000 euroko inbertsioa egin du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Bide-segurtasuna hobetzeko. Imanol Pradales diputatuak prentsaurrekoan azaldu du aurrerantzean errepide bazterrean aparkatzea debekatuta egongo dela. Gaur egun arte, asko ziren jai egunetan bazterbidean aparkatuta zeuden auto kopurua. Debekatuta egon arren, BI-3101 errepideko bazterbideetan aparkatutako 200 ibilgailu baino gehiago zenbatu ditu aldundiak, eta horrek bide-segurtasunerako arriskutsua dela esan du diputatuak. Hori dela eta, 500 metroko bide-tarte batean, bazterbideak M-7.9 blokeoaren aurkako markekin margotuko dira (aparkatzeko debekua adierazten duten sigi-sagazko marra horiak) eta 100 metrotik behin R-307 seinale bertikalak jarriko dira (gelditzeko eta aparkatzeko debekua adierazten duten seinaleak). Jarduketa hori Aste Santuko oporraldia baino lehen egingo da, eta 7.000 euroko aurrekontua izango du.