Gerra garaiko memoria iruedietan gordeta
'Oroimenerako binetak' erakusketa uztailaren 5a arte egongo da ikusgai Gernika-Lumoko Bakearen museoan.
36ko Gerrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iraun bitartean, Bilbo inguruko argitalpenetan kaleratutako binetak biltzen ditu Oroimenerako binetak erakusketak. Gernikako Bakearen Museoan egongo da ikusgai uztailaren 5a arte, eta erakusketaren komisarioak diren Aline Soberon eta Txema Uriartek esan dutenez, euskal lurraldean gerrak iraun zituen 11 hilabeteetako ia-ia historia osoa dago bilduta irudietan.
Irudietan komikigileen izenak irakurri daitezke: Ugalde, Arguelles, Murillo… Komisarioen esanetan, izen hutsak dira guretzat, irudigile gehienen oroitzapena galdu egin delako. “Saiatu gara euren historia bilatzen, baina ez dugu ezer lortu, eta horregatik erakusketa hau eta argitaratu dugun liburua”, Uriartek azaldu legez. “Omenalditxo bat egin nahi diegu garaiko irudigile hauei, eta honek erakusten digu zein gutxi dakigun garai hartaz, eta memoria oraindik ez dagoela bukatuta. Ofizio oso bat badugu, ofizio intelektual bat, baina ez dakigu pertsona horiekin zer gertatu den”.
Bonbardaketak, nazioarteko egoera eta eguneroko bizimodua. Hiru ardatz horiek zehaztu dituzte komisarioek Gernika-Lumoko Bakearen museora ekarri duten lagina aukeratzeko. Jende arruntak bizi izan zuelako gerra, eta haiek bizitakoa ahaztu behar ez den zerbait dela uste dute bi historialariek. Bizkaiko eta Euskal Herriko hemeroteketan egin dute ikerketa lana, eta ohartu dira gerra sasoian asko izan zirela argitaratu ziren binetak. Horien bitartez jakin daiteke bertako jendeak garai hartan zer egin zuen sufritzen ari garen arazoei aurre egiteko. Hori dela eta, bildu dituzten binetek izugarrizko balorea dute, komisarioen ustez.
Ideologia ezberdinetako irudigileen lanak bildu dituzte. Soberonek azaldu legez, irudiak, eta binetak ere, dokumentu historikoak dira. Berak berregin ditu irudi guztiak, momentu hartako egunkarietako bineten oso kalitatea eskasa delako. Hori dela eta, Uriarteren ustez, Soberonek izugarrizko lana egin du, “irudiak banan-banan berriro eginez”.
Sasoi hartan ez zuten inolako zalantzarik zein zebilen hor goitik bonbardatzen”
Gernikako bonbardaketak, eta beste herri batzuen aurkako bonbardaketek, izugarrizko garrantzia dute bertan. Uriarteren esanetan, “ikusten da binetistek nola adierazi zituzten bonbardaketak… Erraz identifikatu zituzten arerioak, faxistak zirela bonbardaketak egiten zituztenak. Bineta askotan, gainera, abioiak agertzen direnean gurutze gamatua ere agertzen da. Sasoi hartan ez zuten inolako zalantzarik zein zebilen hor goitik bonbardatzen”.
Bonbardaketak ez ziren Gernikan hasi, eta beste herri batzuk ere bonbardatu zituzten. “Ia egunerokoak ziren bonbardaketak, eta biñetaren baten adierazten da hori”. Bakearen museoan ikusgai dauden bineten artean batek honela dio: “Euria egin ez duen egun guztietan bonbardatu gaituzte”.
Kritikarako irudiak. Nazioartera begira ere bazeuden irudigileak, eta euren ikuspuntua umore ukituagaz irudikatzen zuten. “Zeharo debekatuta zegoen bonbardaketa zibilak egitea, bakarrik egin zitezkeen fronteetan, lubakietan…” –Uriartek azaldu legez–, “Baina, adibidez, Euskal Herrian bonbardaketa zibilak egin ziren, eta jende zibila bonbardatu zuten. Geroztik gaur egunera arte mantendu den guda estrategia bat izan da”. Versailesko Itunak ez zituen herrialde guztiak asebete, eta Esku Ez-hartzeko Batzordea sortu zuten hainbat herrialdek, Alemaniak eta Italiak barne. Batzorde hori ere erabili izan zuten irudigileek beraien binetak egiteko. Ugalderen bineta bat da adierazgarria, Marx anaien umorearen tankerakoa. Bineta horretako testu ironikoak agerian uzten du batzordearen inkopetentzia eta Espainiako Gerrarekiko ardura eza.
Gerra garaiko binetek informazio asko ematen zutela diote erakusketaren komisarioek, eta Mussolini, Hitler eta Franco beti-beti karikaturizatuta agertzen zirela; “herritarrek jakin bazekiten nortzuk ziren bonbardaketak egiten zituztenak. Eztabaida gerra ostean sortu zen”.
Euskararen presentzia, aipatzekoa. Eguneroko bizitzaren erakusle ziren heinean, gosea, miseria, estraperloa eta abarrak irudikatzen ziren, eta erakusketa ere horren erakusgarri da. Euskarazko binetaren bat ere jaso dute laginean. Uriartek azaldu legez, 30 bat bineta inguru topatu dituzte. “Eguna egunkariaren presentzia sei hilabetekoa izan zen eta badaukagu horren adierazle bat. Euskara presente egon zan momentu hartan, eta hori azpimarratu egin behar da”.
Emakumearen irudia ere aipatu dute historialariek. Soberonek esan bezala, emakumea ez da asko agertzen binetetan: “erosketak egiten, umeekin…”. Baina dioenez, gerra garaian izan zuen rola ez da ahaztu behar. “Azken finean, haiek egiten zuten lana ere garrantzitsua zen: joste lanak, beraien umeen ama eta beste ume batzuen ama ziren, erizainak, eta trintxeretan ere egon ziren”.