Jon Lopategi omendu du Euskaltzaindiak
Txomin Solabarrieta, Jon Lopategi, Alan Roy King eta Angel Aintziburu ere omendu ditu Akademiak. Andres Urrutia euskaltzainburuak euskara eta euskal kulturarekiko erakutsi duten konpromisoa nabarmendu du.
Urtarrileko lehen Ageriko bilkura baliatuta, iaz hildako lau euskaltzainei gorazarre egin zien Euskaltzaindiak barikuan [urtarrilak 31] Gipuzkoako foru jauregian egindako ekitaldi hunkigarrian. Jon Lopategi muxikarra omentzeaz gain, Txomin Solabarrieta ondarrutarra, Alan Roy King eta Angel Aintziburu ere omendu zituen Akademiak. Iaz zendutako euskaltzainek euskara eta euskal kulturarekiko erakutsi zuten konpromisoa nabarmendu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Ostean, Xabier Amuriza ohorezko euskaltzainak irakurri zuen Jon Lopategi muxikarraren hilberri-txostena; Miren Azkarate euskaltzain osoak Alan Roy King-ena; Xipri Arbelbide ohorezkoak Angel Aintzibururena; eta, azkenik, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainak aletu zuen Txomin Solabarrietaren biografia. Peio Ospital, Mixel Ducau eta Paul Smet musikariek girotu zuten ekitaldia, hiru kantu ezagun abestuz: Arnasak gurutzatuz; Zu eta ni; eta Bake-mina.