Negua epeltzen eta girotzen duten tradizioak
Busturialdeko bizilgunak Kandelerio, San Blas eta Santa Ageda ospatzeko batuko dira datozen egunotan, ondo errotutako ohiturak bizi-bizi jarraitzen dutela erakutsiz.
Kandela eta tostada usaina, makil hotsa eta han eta hemen herritarrak San Blaseko kordoiagaz soinean. Aspaldiko ohiturak sustraituta daude Lea-Artibain, Busturialdean eta Mutrikun eta beste urte batez, udalerriko auzo, kale eta txokoak tradizioz beteko dira.
Otsailaren 2a da Kandelario Eguna eta aurten, herri batzuetan santa eskean ere aterako dira. Izan ere, otsailaren 4ean ez ezik, zapatu eta domeka honetan ere ariko dira koplak abesten leku batzuetan.
Bermeoko Demiku auzoan txupinazoa jaurtiz hasiko dute Kandelario Eguna, eta tostadak izango dira eguerdiko protagonistak. Hurrengo asteburuan, berriz, herritarrek mendi martxan parte hartuko dute.
Asteburuan hasiko dira aurtengo makil hotsak, baina herri gehienetan Santa Ageda egunaren bezperan hutsik egin barik egingo dituzte errondak. Egun horretan, esaterako, ikastetxeetako ume eta gaztetxoak auzo eta kaleak girotuko dituzte eskola orduetan zein arratsaldeko lehen orduetan.
Hain zuzen ere, batzuek euren elkarte edo ikastetxeetarako batuko dute dirua, eta beste batzuek, ostera, elkartasunez betetako koplak abestuko dituzte. Arratzun, esaterako, Minbiziaren aurkako elkartera, PKU elkartera eta Distrofia Muscular elkartera bideratuko dute batzen duten dirua.
Bestalde, Busturiko eta Bedaronako herritarrek sanblasak ospatzeko ohiturari eutsiko diote beste urte batez. Busturiarrek domekan eta astelehenean dituzte hitzorduak eta bedarutarrak hilaren 8ko herri afarian batuko dira, erromeri doinuek lagunduta.
Busturian, San Blasetako tostada txapelketa ezaguna egiteagaz batera, Kandelario abestuko dute domeka arratsaldean.