"Mediku gehiago eskatzen ditugu, kontratu iraunkorrean"
Aspanovas elkarteak lortu zuen orain dela 30 urte Gurutzetako ospitaleak onkologia pediatrikorako solairu bat edukitzea; ordura arte, gaitza edozein izanda, ume guztiak batera zeuden.
Mari Jose Martinezek (Bermeo, 1970) hiru urte eta erdi daramatza Aspanovas Bizkaiko minbiziadun haurren elkarteko presidente modura. Oraindik bi urte baino gehiago falta zaizkio, eta gustura dago.
Zelan hasi zinen?
Orain dela urte batzuk nire semeak leuzemia izan zuen, eta Gurutzetako ospitalera iristerakoan ezagutu genuen Aspanovas; bidelagun izan genuen. Asko lagundu ziguten, eta asko laguntzen du. Madrilera joan ginenean ekonomikoki ere lagundu ziguten. Presidentea izan orduko boluntario lanak egiten nituen, eta aurreko presidenteak kargua uzteko asmoa agertu zuenean, niri proposatu zidaten. Ez nuen nire burua presidente izateko ikusten, baina onartu egin nuen. Bazkide guztiak seme-alabak gaixorik eduki ditugun gurasoak gara, eta gehienek lan egiten dute. Semea gaixotu zenean lana utzi nuen, eta, esan beharra daukat, Aspanovasen boluntario hasteak bizia eman zidala.
Emankorra da zuretzat.
Hala da, bai. Badakit zer egiten ari naizen eta zertarako ari naizen, eta merezi du. Bizkaiko leku askotatik deitzen digute, eta ezagutzen ez nituen lekuetatik mugitu naiz aspaldian. Jendearen edo agintarien aurrean berbaldiak eman beharra daukat; nork esango zidan niri hori egingo nuenik! Aspanovas beharrezkoa da Gurutzetako ospitalean, nire semeagaz han egon nintzenean konturatu nintzen, bidea errazten dizuete; eta nik bide hori jarraitu gura dut.
Une zailak ere egongo dira.
Bai, badaude. Gaur egun ez naiz ospitalean horrenbeste egoten, baina semeagaz joaten jarraitzen dut. Ospitalera joan eta jende ezaguna ikusten jarraitzea izaten da gogorrena; gaitza bera baino txarragoa izaten da berriro ere gaixotzea, orduan badakizulako zer den. Ume zein gurasoak ospitalera sartzen direnean behar duten guztia edukiko dutela jakiteak ematen dit lanean jarraitzeko gogoa.
«Ospitalea ahalik-eta hobetoen egoteko
eta umeen eskubideen alde lan egiten dugu»
Lan handia egin beharra daukazue?
Tarteka, lan gehiago edo gutxiago egoten da. Aspanovasen aldeko hainbat eta hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, eta horietan guztietan egon beharra daukagu. Ekitaldiak ez daudenetan, zuzendaritza batzordekoak hara eta hona ibiltzen gara Aspanovas ezagutzera eman asmoz. 30 urte dauzka elkarteak, baina tarte batean asko zabaldu barik egon da. Lan handia dago egiteko, eta bi langilegaz ezinezkoa zen dena egitea. Orain, gure lanaren berri ematen ari gara, eta lortzen gabiltzala esango nuke. Enpresa pribatuetan ateak jotzen hasi gara, horietako askok laguntza eman ahal dutelako, norbanako askok euren borondatez egiten duten moduan.
30 urteotan, gauzak asko aldatuko ziren. Zeinek eta zelan sortu zen elkartea?
Hamasei gurasok sortu zuten Aspanovas. Onkologia pediatrikoa Gurutzetako ospitaleko bosgarren solairuan zegoen orduan, ume guztiak zeuden batera, gaixotasuna edozein zela. Horregatik, guraso horiek bi medikugaz batu ziren, egoera aldatu asmoz. Orduan eratu zuten elkartea, eta lortu zuten lehenengo gauza izan zen onkologia pediatrikoak bere solairua izatea; gaur egun, seigarrena da. Asko mugitu ostean, lortu egin zuten. Gerora, guraso gehiago batu ziren elkartera, eta gizarte langile bat jarri zuten behar zuten guraso horien guztien eskura. Familiei eskubideen berri ematen diete, eta paperak egiten laguntzen diete. Psikologo bat ere hartu zuten, ospitaleko prozesuan beharrezkoa delako, eta are gehiago, prozesua amaitzen denean; animoa galtzen dute guraso eta ume askok. Bestalde, behar duten familiei harrera egiteko etxebizitza bat erostea ere erabaki zuten, Gurutzetan bertan, ospitalearen ondoan. Elkarteko gurasoak hipotekatu egin ziren horretarako, baina EITBren lehen telemaratoian lortutako dirua minbiziadun haurren gurasoen elkarteek jaso zuten, eta diru horregaz ordaindu zuten etxebizitza hura.
30 urteak ospatu dituzue?
Azaroan jaialdi bat egin genuen. Erakunde guztietako ordezkariak egon ziren, eta Bizkaiko alkate guztiak egon ziren gonbidatuta. Erakundeei eskerrak emateko jaialdia izan zen, eurek ere egiten dugun lana aitortzen dutelako. Guretzako beste jaialdi bat ere egin genuen.
Gurasoen erosotasuna bilatzen duzue.
Saiatzen gara bai, eta urtez urte beharrak pilatzen doaz. Osakidetzak laguntzen badu ere, kanpoko ospitaleetara joateko diru laguntzak ematen ditugu. Bestalde, garrantzitsua da ospitalean dauden umeen gurasoak bazkaltzera joatea, seme-alabak zaintzeko indartsu egon behar baitira. Orduan, Aspanovasek bazkaltzeko zein afaltzeko txartelak banatzen ditu. Zaintzailea zaindu beharra dago. Minbiziadun haurrak zein horien gurasoak eta familiak laguntzeko dagoen elkartea da Aspanovas.
Urteekin laguntzak goraka al doaz?
Gero eta ezagunagoak gara, eta egia da erakundeetatik laguntzak jasotzen ditugula. Krisi garaian, hala eta guztiz ere, asko murriztu ziren laguntzak. Hori bai, asko eta asko dira gure aldeko ekintzak antolatzen dituztenak. Aspanovas horiei guztiei esker dago, bai eta gurasoei eta bazkideei esker ere. 700 bazkide inguru dauzka gaur egun elkarteak.
Ospitaleko umeentzako ekintzak ere antolatzen dituzue.
Beharrezkoa da, gainera. Astelehenetik barikura bitartean izaten dira horiek, eta gutxinaka kopurua gehitzen doa. Musikaterapia, pailazoak, betaurreko birtualak, eskulanak… Asko dira egiten direnak. Gustura egiten dituzte, eta deskonektatu egiten dute. Umeekin egotera joaten diren boluntarioak ere asko dira, eta umeak irrikan egoten dira. Boluntarioek asko laguntzen digute.
Zer da epe laburrean Aspanovasek lortu gurako lukeena?
Denbora bat daramagu onkologia pediatrikoaren solairua aldatzeko eskatzen. Ez dago itxarongelarik,pasilloan egoten dira zain; beraz, ea lortzen dugun. Ateak ere ez dira zabalak, gurpildun aulkiak ez dira sartzen; zaharkituta dago. Mediku gehiago egotea ere eskatzen dugu, eta daudenak kontratu iraunkorrean egotea. Mediku onak dauzkagu, eta ez dugu joaterik gura. Horiek ere leku hobea izan dezaten lanean gabiltza. Saiatzen gara Osakidetzari erraztasunak ez ematen, eta zerbait ondo ez badago, esan egiten dugu. Ospitalea ahalik-eta ondoen egoteko lan egiten dugu, bai eta bertan egon behar duten umeen eskubideen alde ere.
Elkarteko presidente modura jarraituko duzu?
Falta zaidana amaituta, gurago nuke boluntario modura jarraitu, baina beste inor aurkezten ez bada, jarraituko dut. Behar banaute jarraitu egingo nuke. Odolean sartu zait Aspanovas.