Nagusien ibilbide laburragoa dakar Bermeoko Herri Lasterketak
Domekan izango da lasterketa eta batutako dirua Asparbik, Bizkaiko Parkinson Elkarteak, jasoko du.
Bermeoko Udalak eta Taraska Gazte-Zahar Taldeak antolatuta, Bermeoko Herri Lasterketa lehiatuko da domekan. Aurtengoa lasterketaren hamaseigarren aldia izango da.
Urtero legez, adin guztietako herritarrek parte hartu ahalko dute domekako lasterketan, lau lasterketetan banatuta. Lasterketa guztiek irteera puntu bera izango dute: Lamera.
- Nagusiak: 7.200 m (11:00). 14 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute. 11 eta 14 urte bitartekoek, berriz, pertsona nagusi baten ardurapean edo gurasoen baimenagaz parte hartu ahalko dute.
- Gazteak (11-14 urte bitartekoak): 1.500 m (12:00)
- Txikiak (7-10 urte bitartekoak): 800 m (12:10)
- Umeak (3-6 urte bitartekoak): 100 m (12:40)
Taraska Gazte-Zahar Taldeko kide Ana Uriartek jakinarazi duenez, nagusien ibilbidea laburragoa da aurten, Baztarren egiten ari diren lanengatik. Hala, 7.600 metroko ibilbidea barik 7.200 metrokoa izango da. Uriartek emakumeak animatu ditu parte hartzera: “Urtez urte emakumeen parte hartzea handitzen doa, baina ondo legoke gorago egitea”. 2018an 760 korrikalari batu ziren, eta horietatik %43,5 izan ziren emakumeak. Iaz, berriz, eguraldi txarragatik bertan behera geratu zen lasterketa.
Bermeoko Herri Lasterketan parte hartu gura dutenek Bermeoko Arane kiroldegian izena eman dezakete; ume eta gazteek ikastetxeetan egin dute. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo dela azaldu dute, 10:30ak arte. Hala ere, antolaketa lanak erraztu aldera, aurretiaz izena ematea gomendatu dute antolatzaileek. Herritarrek izena ematerakoan jasoko dituzte dortsalak. Umeei eta gaztetxoei, berriz, euren ikastetxeetan emango dizkiete zentro bakoitzeko arduradunek.
Izena ematerakoan, umeek euro 1 ordaindu beharko dute, nagusiek, berriz, 2 euro. Aurten, lasterketan jasoko den dirua Asparbik jasoko du, Bizkaiko Parkinson elkarteak. Jakinarazi dutenez, 15 bermeotar dira elkarteko kide.
Lasterketa nagusian parte hartzen dutenek ura edateko aukera izango dute lasterketan zehar. Amaitzerakoan, berriz, parte hartzaileek opari poltsa bana jasoko dute, eta dutxatzeko aukera ere edukiko dute Araneko kiroldegian edota Artza frontoian.
Lasterketaren izaera “herrikoia eta soziala” gogorarazi dute. Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, lasterketaren helburua ez da lehiatzea, baizik eta herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, bai eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea ere.
Beste behin ere proba egiteko daukaten herriko taldeen laguntza nabarmendu eta eskertu gura izan dute, bai eta boluntarioena ere. “Eurak barik ezin izango genuke lasterketa antolatu”, esan du alkateak. Era berean, babesleei ere esker ona adierazi die.
Bestalde, korrikalariak errespetatzeko autoak ahalik eta gitxien erabiltzea eskatu dute, 11:00ak eta 12:00ak bitartean.