Guardia Zibilak Oihana Garmendia Kalera Kalerako bozeramailea atxilotu du
Beragaz batera, Antton Lopez 'Kubati', Oihana San Vicente eta Haimar Altuna ere atxilotu dituzte. Espainiako Barne Ministerioak komunikatu baten bidez adierazi duenez, "terrorismoaren goratzea" eta "biktimen umiliazio" delituak egotzi dizkiete. Laurak aske geratuko dira deklaratu ostean.
Gaur goizean, Gernika-Lumon atxilotu dute Oihana Garmendia lanera zihoala. Beragaz batera, Antton Lopez Kubati, Oihana San Vicente eta Haimar Altuna ere atxilotu dituzte. Kalera Kalera dinamikako kideak dira Garmendia eta Kubati. San Vicente eta Altuna, berriz, Sorturen zuzendaritzako arduradun politikoak dira; Araban eta Gipuzkoan hurrenez hurren.
Espainiako Barne Ministerioak komunikatu baten bidez adierazi duenez, “terrorismoaren goratzea” eta “biktimen umiliazio” delituak egotzi dizkiete, hiru urtetan zehar euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik: Euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi “antolatzea eta koordinatzea” leporatzen diete hain zuzen. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu du operazioa auzitegiko fiskaltzarekin batera, eta deklaratu ostean laurak aske geratuko direla esan dute.
Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusiak atxilotuei eta euren senide eta lagunei elkartasuna adierazi diete, eta haien “berehalako” askatasuna exijitu du. Atxiloketek ez dutela “inolako logika juridikorik” esan, eta euren “izaera politikoa” nabarmendu du: “Ongietorrien antolatzearen arrazoia atxiloketak burutzeko aitzakia merke bat baino ez dira. Atxiloketak zuzenki lotuta daude ezker abertzaleak konkretuki eta indenpendentismoak orohar Euskal Herrian zabaltzen lagundu duen egoera politiko berriarekin”.
Esan duenez, atxiloketak Euskal Herrian presoen sakabanaketaren kontra eta espetxe politikaren errotiko aldaketa baten alde “inoizko adostasunik handiena” dagoenean burutu dituzte: “Espainiako Gobernuak Euskal Herrian eta Katalunian gatazka politiko bat dagoela onartu du, eta arazo horiei konponbide politiko eta demokratikoak eman behar zaizkiela esan du. Euskal Herrian, gainera, dispertsiogaz eta gaur egun indarrean dauden espetxe politikekin bukatzeko inoizko adostasun handiena lortu da”.
Testuinguru horretan, atxiloketen benetako helburua Euskal Herriko egoera politiko berria “lokaztea, oztopatzea eta baldintzatzea” izan dela adierazi du Sortuko idazkari nagusiak: “Ultraeskuin judizial, polizial eta mediatikoaren aldetik, Euskal Herriko eszenatoki hau baldintzatzeko, lokazteko eta aukerak ixteko saiakera berriak dira atxiloketak”. Hori horrela, gatazka politikoei soluzio politikoak emateko aukerak sortu dituztenean aukera horiek “baldintzatzea” bilatu dutela dio.
Rodriguezek Euskal Herriko eragile politikoak eta euskal gizartea deitu ditu atxiloketei erantzutera, “irtenbide demokratikoen aldeko adostasuna bultzatzen jarraituz”. Utraeskuin “juridiko, polizial eta mediatikoari” egotzi dio operazioa, eta atxiloketekin ez dutela ezer lortuko adierazi du: “Pentsatzen badute atxiloketekin ezker abertzalea bere hausnarketa politikotik, konpromisotik eta arduratik milimetro bat mugituko dutela, ez dutelako ezer ulertzen da. Guk orain arte bezela jarraituko dugu, sortzen lagundu dugun konponbiderako aukera leiho hau handitzen”.
Sareren ustez, gaurko atxiloketek “iraganera begira jarri gaituzte”. Berriro ere, “adierazpen eta manifestazio eskubidea urratu” dela diote “oposizio politikoa egin nahi duen botere judizialarengatik”. “Demokrazia batean, inoiz ezin da pertsona baten senide eta ingurukoen poza azaltzeko eskubidea lapurtu. Gainera, kasu askotan preso hauek muturreko egoera batean bete dute zigor osoa”.
Sarek bakearekiko eta elkarbizitzarekiko konpromisoa berretsi nahi izan du: “Hori uztargarria da indarkeria ezberdinetako biktima guztiekiko errespetu eta babes osoa erakutsita”.
EH Bilduk Donostian egin du premiazko agerraldia eguerdian. Gaurko atxiloketak abian den “agenda demokratizatzaileari” Estatuko zenbait boteregunek emandako erantzuna dela esan du Maddalen Iriartek: “Bide demokratikoetatik aurre egiteko norabidea hartzen den bakoitzean atxiloketa eta errepresioarekin erantzuten dute“. Haren ustez, “ezer ez da kasualitatea”. EH Bilduk “irmo” eutsiko dio bere bideari: “Agenda demokratizatzailea bultzatzen jarraituko dugu Estatu aparatuen erantzun antidemokratikoak berriro ez gertatzeko”.
Euskal gizarteak “ezin duela geldirik egon” esan du Iriartek, eta “salbuespen demokratiko larri honi” erantzuteko deia egin die alderdi politikoei eta sindikatuei. Era berean, Euskal Herrian egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.
Elkarretaratzeak. Atxilotuak Askatu lelopean elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:30ean, Bermeoko Lamerako harrizko bankuan. Gernika-Lumon ere atxiloketak salatuko dituzte; 19:00etan egingo dute elkarretaratzea Merkurio iturrian.
2018ko martxoan ere atxilotu zuten Garmendia «terrorismoa goratzea» leporatuta; zenbait orduz izan zituzten atxilo.