2019ko Euskadiko Gizon Proba Txapelketa erabakiko da Nabarnizen
Absolutua eta 85 kiloz azpiko txapelak izango dira jokoan.
2019ko Euskadiko Gizon Proba Txapelketa jokatuko dute asteburuan, Nabarnizen. Absolutua eta 85 kiloz azpiko txapelak izango dira jokoan.
Kirolari bakoitzak 750 kiloko harria arrastatu beharko du, 30 minututan ahalik eta plaza gehien egiteko. Euskadiko Herri Kirol Federaziotik azaldu dutenez, hamar kirolari arituko direnez hiru saio egingo dira.
Zapatuan [urtarrilak 25] au probalari ariko dira zein baino zein gehiago, 18:00etatik aurrera. 85 kiloz azpikoetan Kerman Perez de Heredia arabarra eta Aitor Etxaniz markina-xemeindarra lehiatuko dira, eta absolutu kategorian, berriz, Joseba Sanchez eta Bernardo Ureta arabarrak.
Domekan bi saio egingo dituzte. 12:00etan hasiko dira lanean Beñat Amade eta Aitor de la Concepcion bizkaitarrak. Lehenengoa 85 kiloz azpikoetan ariko da, eta bigarrena absolutuetan.
18:00etatik aurrera, berriz, absolutu kategoriako lau probalariren txanda izango da. Santi Zubizarreta nabarniztarra, Eneko Bilbao kortezubitarra, Juan Carlos Lopez arabarra eta Gorka de la Concepcion bizkaitarra lehiatuko dira.
Iaz, Elgoibarren. 2018ko txapelketa Elgoibarren lehiatu zuten iazko urtarrilaren 26an, eta Gorka de la Concepcionek jantzi zuen txapela absolutu kategorian. 85 urtez azpikoena ez zuten lehiatu iaz, ez zutelako izena eman gutxienezko parte hartzaileek.
2 plaza, zinta 1 eta 54 zm eginda nagusitu zen de la Concepcion. Alde estua egon zen lehenengo bien artean. Gotzon Abasolo geratu zen txapeldunorde, 2 plaza, zinta 1 eta 37 zm eginda. Juan Carlos Lopez izan zen hirugarren sailkatua, 2 plaza eta 5,40 metroko markagaz.