"Guztia jatera nator, anbizio handiko pertsona bat naiz"
12 urtegaz rap musikagaz maitemindu ostean, Xsakara bermeotarrak gaupasak eginda eratzen ditu bere abestiak. Gailurrera iristeko asmoa dauka 22 urteko gazteak.
Xabier Gutierrez (Bermeo, 1997) rapeatzaileak bere azken lana argitaratu du aurten, Xsakara ezizenagaz: Bihotzarentzako pilulak. Bere musikak gazte zein helduen arreta erakartzea lortu ostean, bere izena musika eszenan zabaltzen hasi da.
Nola murgildu zinen raparen munduan?
12 urte nituela hasi nintzen mundu honetan murgiltzen. Lagunekin nengoela, batek SFDK taldearen abesti bat jarri zuen mugikorretik. Harrituta geratu nintzen, eta garai hartako mugikorren izpi infragorrien bitartez bidaltzeko eskatu nion. Ordu erdi beranduago rapa entzuten hasi nintzen; lehenengo hilabeteetan gustatzen hasi, eta hainbat rapeatzaileren abestietako letrak buruz ikasi nituen. Orduan, nire buruari planteatu nion zergatik ez nuen nik gauza bera sortzen. Estilo hori asko gustatu zitzaidan, eta mezu argi bat ematen zuela ikusi nuen. Lehenengo pausoak eman eta lagun bategaz geratzen nintzen, gauetan Bermeoko kaleetan rapeatzeko. Barikuetan, gainera, rimaderoa egiten genuen Bermeon rapeatzaileen artean. Mundakako jai batzuetan Bermeoko Marta eta Herbalist rapeatzaileek kontzertua eskaini zuten, oraindik The C.O.D. taldea osatzen zutenean. Bertan entsegu batera gonbidatu ninduten; izugarrizko ilusioa egin zidala gogoratzen dut. Ordutik aurrera beraiekin hasi nintzen taldean, baina baita bakarka ere. 16 urte nituela rapa serio hartzen hasi nintzen.
“Kaleko bizimoduaren inguruan aritzen naiz orokorrean, nire bizipenen inguruan”
Zeintzuk dira, beraz, zure inspirazio iturriak?
Nire lehenengo erreferentzia musikalak bertokoak izan arren, nire aldetik ikertu eta atzerriko musika ere asko entzun izan dut. Hortaz, nire erreferentzia nagusiak Amerikako Estatu Batuetatik datoz. Hala eta guztiz ere, Bermeon rapeatzaile asko daude, eta elkarri laguntzen diogu. Estudioan batera egoten gara; bat grabatzen ari dela, beste musikariak kanpotik entzun, eta beraien kritikak egiten dituzte, beti giro onean. Anaitasun polit bat daukagula esan behar dut.
Zergatik Xsakara ezizena?
The C.O.D. taldean nengoela, ezizen bat bilatu behar nuela esan zidaten taldekideek. Apur bat galduta, taldea desegin arte Xabi izaten jarraitu nuen. Orduan ezizenaren bila hasi nintzen, eta Interneten inspirazio bila arituz ezizen estatubatuarrak bakarrik azaltzen zitzaizkidan, eta ez nuen halakorik nahi. Orain urte batzuk, nire arreba etxeko lanak egiten ari zela, amak zera esan zion: «Ojalá sacaras las notas de tu hermano». Hortik atera nuen Xsakara. Esan beharra dut nire arreba oso azkarra dela.
Zure azken lana argitaratu duzu aurten, Bihotzarentzako Pilulak.
Diskoa orain urtebete baino gehiago grabatu nuen. Hala ere, ezin izan dut orain gutxira arte kaleratu, diru faltagatik. Bihotzarentzako Pilulak diskoaren aurretik beste batean egin nuen lan, Amnesia izenekoan, eta hori argitaratzeko lanean ibili nintzen.
Zuk idazten dituzu zure abestien letra guztiak?
Askok galdetzen didate ea letrak nik sortutakoak diren ala ez; eta bai, rapeatzaile guztiek sortzen dituzte beraien abestien letrak. Horrela da beti, Miamin bizi den milioiduna ez bazara, behintzat. Nire kasuan, Interneten bidez bilatzen ditut instrumentalak. Bat aukeratu, eta horren gainean idazten hasten naiz. Beti egunean bertan buruan dudana azaleratzen saiatzen naiz, ez dut inoiz esango ondo nagoela, txarto sentitzen banaiz. Gauetan idazten dut; diagnostikatutako insomnioa daukat, eta hainbat gaupasa egin ditut letrak idazteko. Oinarria sortzen dudanean, dirua aurrezteko unea dator: abestien ekoizleekin berba egin behar dut lizentziak erosteko, instrumental horiek erosi egin behar ditut oinarri bat izateko. Ondoren, oinarri hori estudiora eramaten dut; Gatom Bermeoko rapeatzailea arduratzen da nik egindako lana grabatu eta masterizatzeaz, berak lantzen du dena. Bitartean, ez dut ez diskoetxe ez ekoizlerik. Plataforma digital desberdinetako erabiltzaileak sortzeko ordaindu dut nire poltsikotik: Spotify, Deezer edota Youtube dira, besteak beste, nire musika zabaltzeko erabiltzen ditudan plataformak.
“Musikaren munduan sartu nahi duen edonori esango nioke, saiatzeko”
Letra guztiak euskaraz sortzen dituzu?
Hasieratik hasi nintzen abestiak euskaraz sortzen, ez da orain gutxiko gauza, baina gaztelaniaz ere aritu izan naiz. Hori bai, orain abesti gehiago idazten ditut euskaraz, baina ez nire burua derrigortzen dudalako. Nire bizitzako etapa batean rapa euskaraz egiten hasten saiatu nintzen, instrumental bat oinarri bezala jarri eta horri euskarazko letrak gehituta. Era horretara oso ondo moldatu eta oso gustura nengoela ikusi nuen. Gainera, nire inguruan genero hau euskaraz jorratzen duten oso gutxi daudela ikusi nuen. Gaur egun instrumental bategaz hasterakoan, gaztelaniaz idaztea da pentsatzen dudan azken gauza. Batuaz abesten dut, baina nire lehenengo abestia bermeotarrez idatzi nuen, Gaztearen bizitza; lagunek beti esaten didate gustukoen duten abestia izaten jarraitzen duela.
Zer nolako gaiak jorratzen dituzu zure abestietan?
Idazterakoan daukadan aldartea islatzen dut letrekin. Orokorrean, kaleko bizimoduaren inguruan aritzen naiz, nire bizipenen inguruan. Bai onera eta bai txarrera, baina beti naizena erakusten. Esan beharra dut kontzertuetara energia askogaz irteten naizen arren, nire musika, orokorrean, goibela dela, tristea.
Etorkizunera begira, zer daukazu buruan?
Guztia jatera nator, anbizio handiko pertsona bat naiz. Ez dut pertsona egozentriko bat bezala esaten; ditudan aukera guztiak erabiliko ditut ahalik-eta goren iristeko. Musika munduan, rap eszenan, garai aldaketa bat izango da. Musikaren munduan sartu nahi duen edonori esango diot, ahalegina egiteko, beldur barik. Alperkeria guztiak etxean utzita eta jendeari lagunduta, hori bueltan etorriko zaizu.