"Ez dago esperimentu ankerragorik herri oso bat suntsitzea baino"
Irakaslea da Ibazeta, eta bonbardaketaren ikerketarako batzordeko kidea. Ikasgeletan bonbardaketari buruz ikertzeko materiala aurkeztu du: ‘Gernika, laborategi esperimentala’.
Memoria historikoa belaunaldi berrietan gordetzeko materiala aurkeztu du Sabin Ibazetak (Ondarroa, 1962).
Gernikako bonbardaketari buruzko material didaktikoa sortu duzu, ez da unitate didaktikoa. Zein da desberdintasuna?
Unitate didaktikoa da hasi eta amaitzen den gauza bat, bere prozesua eta urratsak dituena. Nik sortu dudan honetan badaude zenbait gauza unitate didaktiko modura antolatuta daudenak, baina generikoa den ikuspegia eman diot. Edozein momentutan erabili daitekeen material bat da, ez du irakurketa lineala, atalka egin daiteke, gauzak gehitu daitezke, edo kendu.
Irakasleak materiala behar duen modura egokitu dezake, beraz.
Bai, nik helburu orokorrak zehaztu ditut, edukiak –komunak eta espezifikoak–, ebaluazio irizpideak, lorpen adierazleak… Beraz, atal bat azaltzerakoan irakasleak bere lana egin beharko luke, eta landu behar duen horretara egokitu materiala. Idatzita dagoen moduagatik eta materialak dituen dokumentuengatik, ematen du DBH bigarren ziklotik gorakoentzat dela. Baina ez du esan nahi ezin daitezkeenik gauzak hartu eta gazteagoekin ere landu, haiek tentatze modura; umetatik eduki dezaten protagonista izateko modua.
Materialean jaso duzu Gernika esperimentua izan zela. Zer azaltzen da horri buruz?
Izenburua, nire ustez, aproposa da. Bonbardaketa esperimentazio bat izan zen, izuaren laborategian egindako esperimentu bat. Herri oso bat suntsitzeko nahia izan zen, eta hori baino esperimentu ankerragorik ez da.
“Gernikako bonbardaketan ere egia izan zen lehenengo biktima”
Gernikako bonbardaketak duen oihartzunagaz, beharrezkoa da Gernika-Lumon bertan gertatutakoa azaltzeko materiala?
Hori sarreran ere aipatzen dut: motibazioa. Behin herri bat suntsitu ostean, bigarren esperimentua heldu zen; hau da, 40 urtetako isiltasuna, gertatutakoaz hitz egiteko debekua. Nire ustez, Gernikako bonbardaketak ez du eduki merezi izan duen traturik. Kontuan izan behar da, gainera, zoritxarrez, oraindik ere Estatu zentralaren hezkuntza sistemak ezartzen dituen curriculumen menpe gabiltzala. Adibidez, hemen Historia de España ematen da, LOMCEk horrela erabaki duelako. Baina gu ez gara gai gure curriculum berezia ezartzeko. Orain arte historia guztia desitxuratu dute, gerretan izaten den bezala, eta Gernikako bonbardaketan ere egia izan zen lehenenengo biktima. Memoria historikoaren lanketan eta biktimen trataeran gabiltzanean egia da agertzen den lehenengo kontzeptua, justizia egiteko eta erreparazioa lortzeko, berriro gertatu ez dadin. Egia historiko hori ez dut uste behar den beste irakatsi zaienik gazteei. Horregatik ikusi genuen zerbait egiteko momentua zela, ikastetxeen eskura uzteko.
Beraz, memoria egin ezean, XXI. mendean jaio diren belaunaldi berriekin ahaztu daiteke gertatutakoa.
Baietz esango nuke. Ikuspegi oso poliedrikoa dakar materialak. Gertakaria bera historiaren ikuspegitik aztertzen da, baina artearen ikuspegitik ere tratatzen du bonbardaketa. Gernika koadroa aitzakia hartuta, Gernika Gernikara ekartzeko eskaria ere lotzen du materialak. Horrez gain, aipatzen da eta tratatzen du gerra guztietan umeak hiltzen direla, eta umeak ere badirela biktima. Eta horrekin lotzen dut gu ere erbestera jo behar izan genuen umeak izan ginela, gerra dela eta. Oraingo umeek errealitate horren berririk daukaten zalantza daukat, eta horregatik nahi izan dut ikuspegi poliedrikoa sortu. Filosofiaren ikuspegitik, gaur egungo gizarteari buruz hitz egiterakoan modernitate likidoa aipatzen dute. Gizarte likidoak ez duela ezer finkorik ezta non heldu ere. Berehala agortzen da dena gizarte honetan, eta iraungitze data oso laburra da. Beraz, zergatik ez du izango memoriak berak ere iraungitze data laburra? Horri aurre egiteko zerbait egin beharko litzateke gizarte honetan.
Ikasleak protagonista eta esperimentua izan zen bonbardaketaren memoria historikoa esperimentuen bitartez lantzea proposatzen duzu.
Bai. Azken finean jarduerak planteatzen ditut: hasierakoak, lantzekoak, zabaltzekoak edota dena integratzeko proiektu batean. Zerbait praktikoa egitea: informazioa bilatu, arakatu eta horrekin zerbait bizia egin.
“Ikasleak izango dira ikerlariak, eta beraien egitura sortuko dute gertakariei buruz”
Ikasleak egia horren ikertzaile izatea garrantzitsua da?
Oso garrantzitsua da. Metodologia hortik doa, ikasleak dira ikertzaile, eta beraien egitura sortuko dute gertakariei buruz. Beraien erara egingo dute, baina, gutxienez, hasi daitezela gai horren gainean lan egiten.
Beste modu batera esanda, kanpotik inposatutako memoria barneratu beharrean, nork bere memoria eraiki dezan.
Hori da, eta protagonista izatean memoria hori gordetzeko edo babesteko lan horretan, esan behar da Gernikan badaudela ikastetxe batzuk Alemaniako ikasleak hartzen dituztenak truke modura. Zer hobea adin bereko gazteek beraien esperientziak eta beraien familia edo herriek komunean duten min hori partekatzea baino?
Genero ikuspuntua ere txertatu duzu material honetan. Ahanzturan geratu den biktima izan da emakumea gerra sasoian?
Bai, emakumea da bereziki sufritzen duen biktima bat. Ikuspegi poliedriko bat ematen saiatu naiz, eta material honek biltzen duena historiako klasean eman daiteke, edo arteko klasean, edo etikakoan. Dokumentu labur batean generoaren eta sexuaren arteko desberdintasuna ere aipatzen dut. Sexuagaz jaiotzen gara, baina generoa ikasten den gauza bat da, kulturalki eraikitzen dena, aukeratzen dena, manipulatu daitekeena eta abar; bide batez, gazteak kontzeptu horretan trebatzea da asmoa. Aipatzen dudana da emakumeek bereziki pairatzen dutela gerra, eta bereziak izan diren zigorrak jasan dituztela: ilea moztu, bortxatu… Horrek, emakume bezala eta pertsona bezala trauma berezia sortu die gizonezkoenagaz alderatuta. Hain bizipen desberdinak izan dituztenez, gogoratzeko modua ere desberdina da. Gizonezkoek ez dute erreparorik gerra nola bizi izan zuten kontatzeko, frontean egon zirela esateko… Baina emakume askok ez dute ahoa zabaldu ere egin, bortxatuak izan direlako eta biktima izan arren, errudun sentitu direlako. Isiltasun hori oso gogorra da.
Gogorra da, baina kaltegarria ere bada, memoria egiteko orduan informazio asko galdu daitekeelako bidean.
Bai, hala da. Oteizak lotzen zuen osotasuna kontzeptua osasuna kontzeptuagaz. Behin errelato bat, memoria bat konpartitzen dugunean eta osoa den memoria bat eraikitzea eta partekatzea lortzen dugunean uste dut herri osasuntsuagoa izango garela. Oteiza zalea izan naiz beti, eta bere esaldi bat dago material didaktikoaren azken orrialdean, iraganaren metafora bat. Eta belaunaldi berriak ere atzera begira jarri behar ditugu.
Non eskuratu daiteke material didaktikoa?
Guk badaukagu web orrialdea: https://guernicagernikara.eus, eta bertan eskegita dago. Erabiltzeko, manipulatzeko edo dena delakorako librea da.