Lointek Gernika Bizkaiak Araskiren kontra lehiatuko du Erregina Koparen final-laurdena
Martxoan 5ean 18:00etan hasiko da bi euskal taldeen arteko partidua. Irabaziz gero, Perfumerias Avenida edo Duran Maquinaria Ensino izango du aurkari finalerdian.
Goizean Salamancan egin dute Erregina Koparen zozketa, eta Lointek Gernika Bizkaiak RPK Araski talde gasteiztarraren kontra lehiatuko du final-laurdena, martxoaren 5ean [eguena], 18:00etatik aurrera. Hain zuzen, bi euskal taldeen arteko neurketagaz hasiko da aurtengo Erregina Kopa, eta Teledeportek zuzenean emango du (telebistaz emango duten final- laurden bakarra izango da).
Ondoren, Perfumerias Avenidak eta Duran Maquinaria Ensinok jokatuko dute (20:30).
Martxoaren 6an lehiatuko dituzte beste bi final-laurdenak. Valencia Basketek Ciudad de la Laguna Teneriferen kontra jokatuko du, eta Spar Citylift Gironaren eta Cadi La Seuren artekoa izango azken beste final-aurrekoa.
Finalerdiak. Lointek Gernika Bizkaiak Araskiri irabaziz gero, finalaurrekoa Perfumerias Avenida edo Duran Maquinari Ensinoren kontra jokatuko du, martxoaren 7an, 13:00etatik aurrera. Hain zuzen, iaz Perfumerias Avenidaren kontra 74-46 galdu zuen finalaurrekoa talde gernikarrak (final-laurdenean 83-70 nagusitu zitzaion IDK Gipuzkoari).
16:30ean hasiko da bigarren finalerdia.
Bi neurketak Teledeporten ikusi ahalk dituzte Salamancara joan ezin diren zaleek.
Martxoaren 8an 13:00etatik aurrera lehiatuko dute Erregina Koparen finala.
Finalerdia helburu. Gernika-Lumoko taldeak hirugarrenez lehiatuko du Erregina Kopa eta aurrekoetan egin modura, finalaurrekora sailkatzea da helburua. Aipatu moduan, iaz IDK Gipuzkoaren kontra lehiatu zuen final-laurdena, eta aurrekoan Al-Qazeres Extremaduraren kontra.
Mario Lopez Lointeken entrenatzailearen berbetan, edozein talde egokituta ere “aurkari gogorra” litzateke. Araskiren kontrako partiduak “intentsita handikoak” izaten direla aitatu du. “Partidu berdinduak edo parekatuak izaten dira, eta detaile txikiengatik erabakitzen direnak. Talde oso lehiakorra dela erakusten ari da. Ondo lehiatzen du eta zaila da hari irabaztea”. Belen Arrojo jokalari andaulizarrak ere aurkari gogorra dela argi dauka, eta Araski sasoi onean dagoela nabarmendu du: “Partidu konplexua izango da, baina %100 egoten saiatuko gara finalerdietara pasatzeko”.
Iazko txapelduna den Avenidak etxean lehiatuko du kopa, eta finalaurrekoan berriro ere aurrez aurre badaude, “konplexurik barik” jokatu beharko dutela gaineratu du: “Talde handienetako baten kontra jokatzean, ez dugu konplexurik eduki behar, eta uste dut hori erakutsi dugula denboraldian zehar”.
Erregina Kopara “ahalik eta egoera onenean” ailegatzeko lan egingo dutela esan du Gaby Ocete mallorkarrak: “Asko borrokatzen duen taldea da, eta denboraldian zehar hobetzen ari dela uste dut”. Bestalde, Emakumezkoen Ligan Erregina Kopa lehiatzea “berezia” dela esan du Blake Dietrick estatubatuarrak: “Kopa lehiatzea beste erronka bat da, eta Araskiren kontrakoa partidu interesgarria izango da”.