'Izarretara bidean zihoan txakurra' landuko du Bermeoko Irakurleen Txokoak
Urtarrilaren hirugarren eguena da etzi, eta horregaz batera dator hilabete honetako irakurleen txokoa.
Urtarrilaren hirugarren eguena da etzi, eta horregaz batera dator hilabete honetako irakurleen txokoa. Oraingo honetan, parte hartzaileek Henry Mankell idazlearen Izarretara bidean zihoan txakurra liburua landuko dute.
Arrate Egaña idazleak dinamizatutako saioa 18:30etik 20:00etara izango da, ohi legez, udal liburutegian.
Henning Mankellen narrazio poetiko “sakon eta hunkigarria” da liburua, eta gazte baten bakardadea kontatzen du; amak etxea utzi eta itsasaldeko herri batera alde egin zuen. Harrezkero, Joel aitarekin bizi da; baina aita lanean dago bet. Lagun berri bat egingo du, eta horrek areagotu egin du mutilaren bakardade sentipena. Baina bizitzarako gogortu beharra dauka Joelek. Gauzak horrela, izarretara bidean zihoan txakurra ikusten du leihoaz bestaldean. Urrutiko itsaserrira al zihoan txakurra? Egunen batean, handiagoa denean, hara joan nahiko luke berak ere.
Gazteentzat idatzitako eleberri honek Gazte Literaturako liburu onenari eman ohi zaion saria jaso zuen 1990ean, Suedian. Gazte Liburu onenaren saria ere jaso zuen Alemanian, 1993an.
Aurtengo egitarauan zortzi liburu irakurtzea aurreikusita daukate; hilabete honetakoa laugarren liburua da. Euskal literaturagaz batera, literatura unibertsala ere jorratuko dute, betiere, euskaratutako liburuak hartuta.