Gabonetako erakusleiho lehiaketako sariak banatu dituzte
Maiz arropa denda eta Neskutz ile-apaindegia saritu dituzte. Bestalde, Aitziber Maguregi izan da herritarrei zuzendutako zozketa irabazi duena.
Emakumeentzako eta gizonentzako arropak saltzen dituen Maiz denda eta Neskutz ile-apaindegia izan dira Bermeoko Gabonetako erakusleiho lehiaketako irabazleak. Maiz arropa dendak epaimahaiaren saria jaso du, Neskutz ile-apaindegiak, berriz, herritarrena. Bakoitzak 250 euroko saria jaso du. Bestalde, Aitziber Maguregi izan da herritarrei zuzendutako zozketa irabazi duena. Maguregik 500 euroko saria jaso du lehiaketan parte hartu duten establezimenduetan gastatzeko. Gaur goizean jaso dituzte sariak Kepa Zumeta zinegotziaren eskutik.
Neskutz ile-apaindegiak lehenengoz parte hartu du aurton lehiaketan, eta “pozik” jaso du herritarren saria. Azaldu duenez, bezeroek eta familiakoek utzitako gauzekin osatu du erakusleihoa, eta senarraren laguntza eduki du prestatzerakoan.
Maiz arropa dendak, berriz, bigarrenez parte hartu du, eta “sorpresaz” jaso du epaimahaiaren saria: “Urtero saiatzen gara erakusleiho politak jartzen, baina egin dugun lana baloratu digute eta poztekoa da”.
Jakinarazi dutenez, epaimahaia Busturialdeko Merkataritza Bulegoko arduradunek, Bermeoko Barrueta elkarteko kide bik eta Arte Ederretan aditua den herritar batek osatu dute. Honakoak izan dituzte kontuan erakusleihoak baloratzerakoan: irudi komertziala eta produktuen aurkezpena, sormena, kalitatea, iluminazioa, modernitatea eta berrikuntza.
Herriko erakusleihoen “apainketa bultzatzeko”, eta era berean, herriko “kontsumoa suspertzeko”, aurten bigarrenez Bermeoko Udalak Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu du, Bertonen laguntzagaz.
Zumetak parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkie, eta irabazleak zoriondu ditu. Era berean, erakusleihorik ederrenak aukeratzen lagundu duten herritar guztiei ere eskerrak eman dizkie.