Unzuetak dio ingurumen txostenak ez duela eragin kaltegarririk hauteman Gaztelugatxeko aparkalekuaren proiektuan
Elkarrekin Podemos eta EH Bildu taldeek eskatuta, azalpenak eman ditu Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak. SOS Gaztelugatxek Bizkaiko Foru Aldundiak ingurumen txostenik egin gabe jarraitzen duela kritikatu du.
Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordean eman ditu azalpenak, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu taldeek eskatuta.
Unzuetak saileko teknikariek egindako ingurumeneko ebaluazio txostena irakurri du. Txostenak dio “ez dagoela eragin kaltegarririk eta isurketek ez dutela gora egingo”. Hori dela eta, proiektuak aldeko txostena jasoko duela azaldu du Unzuetak.
Urizarretako aparkalekuak 51 auto, 2 autobus eta txirrinduak aparkatzeko lekuak edukiko ditu. Unzuetak gogorarazi duenez, “dagoeneko onartuta eta hainbat neurri multzoren barruan dagoen aurreproiektuan jasotzen da aparkalekua”. Proiektuaren azken helburua “garraio pribatuaren erabilera murriztea da”. Gaztelugatxeko San Juan turista asko joaten den lekua bilakatu dela aipatu du, joan den udan, esaterako, 235.000 bisitari hartu zituela nabarmenduta.
Elkarrekin Podemos taldeko Xabier Benitok esan du “milioi bat eurotik gertu dagoen 1.600 metro kuadroko aparkaleku-puska” dela Urizarretan egin egura dutena, eta hortaz, proiektuaren aurka agertu da: “Ideia txarra da, ezer konpontzen ez duen inbertsio handia delako eta ingurumenagaz lotutako hainbat arazo sortzen dituelako. Gainera, ez du ibilgailu pribatuen erabilera murriztuko“.
EH Bilduko Iratxe Arriolak, bestalde, honakoa galdetu du: “Non sartzen da proiektu hori klimaren aldaketaren kontrako estrategiaren barruan?“. Arriolak, gainera, aparkalekuak inguruari ikuspegi artifiziala emango diola kritikatu du. Hala, proiektua berriz planteatzea, Bermeotik eta Bakiotik Bizkaibuseko zerbitzua martxan jartzea edota Gaztelugatxeko San Juanera oinez edo txirrinduz joateko bidea zabaltzea eskatu du.
PP Bizkaia taldeko Eduardo Andraderen iritziz, “proiektua ia konponezina izango den ingurumeneko eragin larria duen obra bat da”. Amaia Rebollo sozialistak, bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu dituen txostenak aztertuko dituztela adierazi du. Azkenik, Euzko Abertzaleak taldeko Gorka Beitiak azpimarratu du aldundiaren txostenak zabalak eta irekiak direla, eta gaiaren inguruan sortutako eztabaida termino polikoetan eta ez teknikoetan gauzatu izana kritikatu du.
SOS Gaztelugatxe plataformakoek ere Unzuetaren agerraldiaren inguruko balorazioa egin dute. Plataformakoek “etsipenez” entzun dituzte Unzuetaren berbak: “Ezelako autokritikarik gabe, Gaztelugatxeko biotopotik metro gutxira aparkaleku baten eraikuntza aurrikusten duen foru proiektua irakurtzera mugatu da. Are gehiago, bere sailak egindako akatsak onartu beharrean, besteak egin ditu akats horien arduradun”.
Diotenez, foru proiektuak ez du zehazten aparkalekua behin behinekoa izango den ala ez, “auto pribatuentzako 51 aparkaleku izango dituela baizik; hori da errealitatea, gaur gaurkoz”.
Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak ingurumen txostenik egin gabe jarraitzen duela kritikatu dute, eta SOS Gaztelugatxekoek uste dute “ezinbestekoa dela proiektu horrek biotopoan eragin ditzakeen ingurumen kalteei buruzko txostena egitea“.
Urte luzez Gaztelugatxe helmuga turistiko modura sustatu ondoren, gaur gaurkoz. inguru horretarako proiektu integral bat ezagutu gabe jarraitzea kritikatu dute: “Are gehiago, aldundiak Bakio eta Bermeoko herritarren galderei eta egonezinari erantzun gabe jarraitzen du”.