Lurpekoa argitara jartzen
Le Patafisic Cabinet taldeko Rober Garai mundakarrak eta Alberto Palomera bilbotarrak ‘Zeruko ataria’ proiektua egin dute Morgako Meakaur auzoko Martin Deunaren parrokiaren aurrean.
Agerikoa ez dena bilatzen dute Le Patafisic Cabinet taldea osatzen duten Rober Garai mundakarrak eta Alberto Palomera bilbotarrak. Lur azpian ezkutatuta dagoena ikertzen daramatzate azken urteak, eta Urdaibain hainbat proiektu gauzatu dituzte. Ereñoko Arte eta Natura Behatokia aurkeztu zuten iazko maiatzean, eta, orain, Morgak hartu du euren azken sormen lana. Zeruko ataria proiektua egin dute Meakaur auzoan. Martin Deunaren parrokiaren aurrean irudikatu dute zeru borobila, eta bertan ageri da Serafin aingerua. Diotenez, proiektu artistiko berria “bigarren zeruagaz lotzeko ate bat irudikatzen duen espazio grafikoa da”.
Sintonia Arrecifal proiektuaren barruko lana da honakoa. Aipatu moduan, azken hamarkadan Urdaibai dute lantoki, eta “diskurtso grafiko eta kontzeptual berria sortzen” ari dira: “Substratu munduan, gure oinpean, ezkutatuta dagoenagaz dauka zerikusia. Busturian hasi zen proiektua, geodesiko berri bat eraikita”. Ondoren etorri zen Ereñoko proiektua. Gerandako bi harrobitako marmol gorria oinarri hartuta egin zuten behatokia, eta orduan sortu zuten Sintonia Arrecifal kontzeptua.
Bi zeruak batzen
“Diskurtso artistiko bat garatzean, gure filosofiak beti bilatzen du lurraldean dezsifratu ezinik mantentzen diren puntu imajinarioak batzea. Dezsifratu ezin diren elementuak, kodixeak eta Urdaibaiko puntu ezkutuak batzea gure obraren ezaugarriak dira”, nabarmendu du Garaik. “Beti interesatu zaigu gure azpian, lur azpian dagoena neurtzea. Ereñon uharriagaz egin genuen, eta hemen lur sakratuagaz”, gaineratu du Palomerak.
“Substratuaren misterioa” ikertzeko lanean, erronka batekin topatu zirela esan dute. “Denok lehenengoz bi zeruen artean komunikazioa dagoela irudikatzea nahi dugu, eta Serafin aingeruak denbora-leku espazio alternatibo batean komunikatzea. Aingeruetako bat hor bistaratu dugu. Gu serafindarrak gara. Zeru alternatibo bateko hierarkian gorenen dagoena da Serafin aingerua”, azaldu du Mundakako artistak.
Zerua inguratzen duen eraztunean Ereñoko marmol gorria irudikatu dute. “Urdaibain daukagun Sintonia Arrecifal proiektuaren barruan mantentzen gaitu. Ez dago bakarrik presente modu anekdotikoan Ereñogaz paralelismoa egiteko. Izan ere, marmol gorriak protagonismo handia dauka San Martinen. Elizaren atariko ur bedeinkatuaren bi ponteak eta elizaren barruko bataiarria ere Ereñoko marmol gorri originalagaz egindakoak dira. Geologoek esaten digute hemen hare-harria dagoela, baina marmol gorria ere presente dago Morgan”.
Zeruko ataria eta ingurua “meditazio” lekutzat dituzte. Bisitariak bertara hurreratzean gogoeta egitea gura dute. Palomerak dio pintura honen “sinboloa dela interesatzen” zaiena: “Leku hau oso berezia da. Leku sakratua da hau, energia asko daukana; gauean etortzea gomendatzen dut. Gauez margotzen ere egon gara, eta aingeruei misterio interesgarria ematen die gauak”.
Zehaztu dutenez, orduak eta orduak eman dituzte lanean, tonu guztiak ñabartzeko. “Bertikalean edo horizontalean margotzea ez da gauza bera. Teknikari dagokionez, asko kostatu zaigu murala egitea. Asfalto gainean egiteko pintura lodia eta denporan irauten duena erabili behar izan dugu. Guk nahi genuen errealitateari antza emateko”, adierazi du artista bilbotarrak.
Margolan koloretsua sortu dute, baina hasierako ideia beste modu batekoa zen: “Lan egiten aritu garen heinean, aldatzen joan da obra. Lehenengo zirriborroak desberdinak ziren. Izan ere, lehenengo ideia arimen putzua egitea zen. Baina, elizaren aurrean halako zulo bat egitea gogorregia izango zela konturatu ginen”.
Ezkutuko mundua arakatzeko Petrometro Enpirio deritzon makina erabiltzen dute: “Leku batera heltzen garenean, azalean dagoen Urdaibain ikusten denaren azpiko lengoaia topatzea izaten da egiten dugun lehen gauza. Petrometro Enpirioak zerutar lodierak neurtzen ditu. Energia antzemateko tresna da; ez dauka georadarrekin zerikusirik. Bi zeru daude, eta puntu ahul baten bidez bateratzean datza gure proiektua. Puntu hori induskatu dugu; indusketa grafiko eta kontzeptuala da. Imajinazioari atea zabaltzea da gure asmoa”, azaldu du Palomerak.
Zianometroa ere erabili dute. Tresna horrek zeruaren urdinaren asetasun tonuak neurtzen ditu: “Urdinaren tonuen intentsitatea adierazten du. Meakaurreko zeruak 27 graduko intentsitatea dauka”.
Herriburua
Mari Tere Artetxe Morgako alkatearen berbetan, Meakaur auzoa aberasteko udalak egindako apustuaren barruan sortutako proiektua da: “Morgan harro gaude gure ondare erlijiosoagaz. Gune honi bultzada bat eman nahi genion eta Rober Garai eta Alber Palomeragaz harremanetan jarri ginen. Auzo hau herriburua izan zen 1983. urtera arte, bertan udaletxea, parrokia eta taberna bi egonik. Martin Deunaren eliza X. mendekoa da; 1580an berreraiki zuten. Antzinako dorretxetik, isasitarren palaziotik ateratako materialagaz. Kristo Gurutzatuaren kapila ere hor erdian daukagu, Martin Deunaren elizatik hur”.