Milaka elkartasun pauso 85 metrotan
Batzar Etxe inguruko zin bidean maratoi solidarioa egin zuten Beristain, Conde eta Salvadorrek abenduaren 30ean
Helburua, elkartasun proiektuak laguntzeko korrika egitea. Eta lortu dute. Hiru atleta batu ziren abenduaren 30ean Gernika-Lumoko Batzar Etxean, ingurutik doan zin bidean maratoi bat egiteko. 42,19 kilometro 170 metroko zirkuituan. 85 metroko zuzena 514 aldiz egin zuten hirurek, dagozkien joan-etorriekin. Ia bost ordu korrika, eta elkartasunezko milaka pauso.
Javi Conde, Jon Salvador eta Begoña Beristain korrikalariek Bizkaiko Jaunek Foruak berresteko Bizkaira etortzeko erabiltzen zuten zin bide historikoan egin zuten maratoia, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik harrera egin eta oroigarriak eman zizkien korrikaldia amaitzerakoan. “Bizkaitar guztiontzat ohore handia da aurtengo erronka solidariorako Gernikako arbola kontuan hartu izana, euskal askatasunen sinboloa eta gure historiaren ikurra baita”, esan zuen Otaduik.
Bildutako dirua hainbat elkartetara bideratuko dute.