Herrian euskara sustatu aldera, batzarrak antolatu ditu Sukarrietako Udalak
Lehenengo batzarra Kanalan egingo dute barikuan; bigarrena, berriz, urtarrilaren 17an izango da, Sukarrietan.
“Euskara denen esku” dagoela iritzita, Sukarrietako Udalak herritarrekin batzeko asmoa agertu du herrian euskara sustatu aldera. Modu horretan, batzarrak antolatu dituzte.
Lehenengo batzarra bariku honetan izango da, Kanalan; 19:30ean jarri dute ordua Kanalako Gizarte Etxean. Bigarren herri batzarra, berriz, urtarrilaren 17rako jarri dute [barikua]. Orduan, Sukarrietako Gazte Lokalean batuko dira ordu berdinean, 19:30ean.
Udalak herritarren iritziak eta proposamenak entzun gura ditu, hala herritar guztiak gonbidatu ditu batzarretan parte hartzera.