Erronka historikoari aurre egiteko ilusioz
Lointek Gernika Bizkaiak Eurokoparen play off-etako bueltako partidua jokatuko du eguenean, Malosten. Gerardo Candina klubaren presidenteak azpimarratu duenez, denboraldi honetako "erronka handienetakoa" da fase hau gainditzea.
Eurokopan final-hamaseirenetako txartela eskuratzeko irrikaz daude Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariak. Play off-etako bueltako partidua daukate eguenean (20:00) etxean, eta joanekoan egin modura, Bielorrusiako TSMOKI Minsk taldea mendean hartu beharko dute hurrengo fasera sailkatzeko.
Klubaren historiarentzat “mugarria” dela dio Gerardo Candina presidenteak. “Denboraldi honetako erronka handienetekoa da fase hau pasatzea. Klubaren historiako partidu garrantzitsuenetakoa da etzikoa, duda barik. Aurrekoan hemen geratu ginen. Galatasarayren aurka ondo aritu arren, ezinezkoa izan zen. Orain beste pauso bat ematen saiatuko gara. Maloste betetzea gura dugu. Ea denon artean partidua irabazi ahal dugun”. Minseko partiduan “esfortsu itzela” egin behar izan zutela gogoratu eta bueltakoa ere ez dela batere erraza izango esan du.
Beste final bat bezala hartu dutela nabarmendu du Itziar Ariztimuño bilbotarrak. Izan ere, joanekoan lortutako bost puntuko errenta (52-57) ez da erabakigarria: “Irabazteko asmoarekin ari gara partidua prestatzen. Oso talde gogorra da eta partidu guztian zonan defendituko dute. Horri aurre egiteko entrenatzen ari gara. Uste dugu Malosteko laguntzarekin lortuko dugula”.
Zonakako defentzagaz jokatzen du talde bielorrusiarrak, eta joanekoan hiruko asko jaurti zituen Lointekek, baina asmatu ezinik aritu zen. “Hiruko marratik ondo ez bagaude, beste aukerak bilatu beharko ditugu. Espero dugu hiruko lerrotik asmatzea. Bartakovak taldea oso ondo eramaten du. Oro har, bost titularrak oso garrantzitsuak dira taldea eramateko. Horiek gelditzen baditugu, gauzak errazago izango ditugu”.
Presiorik barik
Faboritoak badira ere, presiorik ez dutela dio Naiara Diez kapitainak: “Uste dugu partidua irabazi ahal dugula, aukerak ditugulako eta etxean jokatzen dugulako, baina ez dugu presio hori sentitzen. Final bat izango da. Gogor jokatu beharko dugu. Historikoa izango litzateke garaipena lortzea eta hurrengo fasera sailkatzea. Badakigu zernolako partidua izango den eta oso ondo prestatzen gabiltza”.
Aurreko denboraldian, play off-etan Turkian agurtu zuen Eurokopa talde gernikarrak. Bueltakoan, 76-58 galdu zuen Galatasarayren kontra, Istanbulen. Joanekoan, 15 puntuko errenta lortu zuen Malosten. Orain bigarren partidua etxean jokatuta aukera gehiago dituztela uste du Diezek. Joanekoan Lointeken portzentaiak ez ziren onenak izan; aukariaren zonakako defentsan kateatu egin ziren jokalariak. “Egia da ez genuela gure partidurik onena jokatu. Konfiantza daukagu; partidu hobea aterako da, ziur. Saski hauek ondo ezagutzen ditugu eta uste dut guretzat abantaila dela. 40 minututan sendo jokatu behar dugu”.
Defentsan zein erasoan ondo jokatuta, portzentai onak lortzearen garrantzia azpimarratu du kapitainak. Lehen minutuetatik “erritmo oso altua” jarri behar dutela badakite: “Oso zaila zen partidua aurrera atera genuen Minsk-en. Bost puntutako errenta ez da txarra, baina, ez dugu horretan pentsatzen baizik eta garaipenean. Fisikoki oso indartsuak dira; oso ondo jokatzen dute eta zonakako defentsa oso ondo egiten dute. Xehetasunak oso garrantzitsuak izango dira”.
“Konfiantza eta lan sendoa”
Aurten daukaten taldea ikaragarria dela adierazi du altsasuarrak: “Emaitzetan eta jokatzeko moduan ikusten da. Denok aukerak ditugu jokatzeko, eta hori garrantzitsua da. Gure sentsazioak oso onak dira eta oso ondo ari gara ligan. Eurokopako fase honetan gaude historia egiteko zorian. Dinamika oso onean gaude eta konfiantzarekin. Sendo gabiltza lan egiten eta hori da talde honen nortasuna”.
Juana Molinak kanpotik eta barrutik ezagutzen du Maloste, eta zaleen babesa aitatu du: “Maloste gure gotorlekua da; gure jendea hemen egongo da. Taldearen momentu ahulenetan beti daukagu jendearen bultzada. Gernikaren kontra jokatu dut hemen, eta hemen jokatzea infernua da. Gozamena da klub eta talde honen parte izatea”.
Ligan eta Eurokopan arituta, nahiko luketen bezain fresko ez daudela dio: “Baina uste dut partidu on bat bat egiteko energi askogaz ailegatu garela. Taldean lan egitea izango da giltzarria; defentsa ona egin eta hortik abiatuta abiadura ezartzea eta eurei zonakako defentsa egitea eragoztea. Dakigun moduan jokatzea izango da gakoa. Normalean partidu hasiera onak egiten ditugu eta hori ere garrantzitsua izango da. Partidua ahalik eta arinen apurtzea ez da erraza, baina ahaleginduko gara”.
Sasoian
Mario Lopezek esan du taldea une onean heldu dela. «Ez dugu bost puntuko aldean pentsatu behar, partidua irabaztean baizik. Errentan pentsatu barik, 40 minutuetan lan egitea da ideia». Minsk Lointeken jokora egokitu zen joanekoan, eta hori espero dute biharko ere. «Talde onaz gain, entrenatzaile ona daukate. Gure taldea, gure jokoa ondo aztertu dute. Entrenatzaileak badaki bere taldearengandik zer nahi duen, eta markagailuaren arabera, gauzak aldatzen ditu».
Batik bat euren talde lanak kezkatzen du gernikarra: “Defentsan hiruko zona ezartzen dutenean, hori gainditzea konplexua da. Gainera, Malosten zailagoa da. Beste kantxa batzuekin alderatuta, espazioak txikiagoak dira. Posizio azkarretan oinarritzen da gure jokoa eta eurek defentsa ona daukate, eta hemen korrika egiteko espazio gutxiago daukagu”. Erritmoa etxekoek izatea giltzarria izango da. Bartakova joko antolatzaile txekiarrak erritmoaren partidua oso ondo kontrolatzen duela zehaztu du Lopezek, eta haiek partidua kontrolatzea da bere kezka nagusienetakoa. “Gure kantxan geuk ezarri behar dugu erritmoa. Eurek eraso luzeekin partidua moteltzea eragotzi behar dugu. Aurkari gogorra dela badakigu eta taldea oso kontzentratuta dago”. 40 minutuetan kontzentrazioa ez galtzea eta atzean sendo egotea ezinbestekoak izango direla argi dauka: “Han ere defentsa lan ona egin genuen, eta kalitate handiko jokalariak dituenez hori kontrolatu beharko dugu. Lehen lerroan baloirik ez galtzea, eurek planteatuko duten zona ondo erasotzea eta kanpoko jaurtiketetan portzentai ona lortzea izango dira gure helburuak”.
Miribillakoaren balorazioa
Bestalde, zapatuan Bilboko Miribillan lehiatu zuen talde gernikarrak ligaren 15. jardunaldiari zegokion partidua. 78-58 irabazi zion Mann-Filer Casablancari.
Miribillan egindako SaskiGabonak jardunaldiaren balorazio oso positiboa egin du klubaren presidenteak. Bizkaiko saskibaloiarentzat jai handia izan zen eta 5.500 ikusletik gora batzean, Marea granatea are handiagoa egin zuten. Zapatukoa esperientzia ikusgarria izan zela adierazi du Ariztimuñok, eta bertan bildutakoei eskerrak eman dizkie: “Bilbotarra izanda familia, lagunak bertan izatea berezia izan zen. Esperientzia ahaztezina izan da, beti gogoan izango dut”.