Norezen ustez, berdintasuna ez da lehentasuna Bermeoko Udalarentzat
Bermeoko talde feministarentzat berdintasun arlora bideratutako 30.000 euroak ez dira nahikoak izan orain arte, eta aurrerantzean ere ez dira izango
Norez talde feministak Bermeoko Udalak berdintasun arlora bideratutako diru kopuruagaz adostasun eza agertu du 2020ko aurrekontua onartzeko ezohiko bilkuran. “Aurrekontutik berdintasun arlora 30.000 euro soilik bideratzen baldin badira, berdintasuna ez da lehentasun bat udalarentzat”.
Biotza Unanue Norez taldeko kidearen esanetan, aurreko agintaldietan berdintasuna lehentasun moduan egon izan balitz, ez litzateke gertatu dena gertatuko: “Berdintasun teknikariaren lanpostua orain dela bost edo sei urte sortu izan balitz, pentsaezina izango litzateke orain lanpostu hori kentzea. Argi dagoena da erantzukizuna denona dela. Beste edozein teknikariren lanpostua ez da zalantzan jartzen, zergatik berdintasun teknikariarena bai?”.
“Alkateak esan du aurtengo kopuru bera gorde dutela datorren urterako ere. Aurten, hala eta guztiz ere, 30.000 euro egon dira proiektuetarako gehi teknikaria ordaintzeko. Aurrerantzean, berriz, esaten dutenaren arabera, enpresa bat kontratatuko dute proiektuak egiteko. Hortaz, murriztuta geratuko da kopurua. Gainera, ez da nahikoa, eta aurtengoa ere ez zen nahikoa. 17.000 pertsonako herri batean bizi gara”, diote.
Aurten onartu duten Berdintasun Planean diagnostikoa eginda dagoela gogorarazi dute: “Diagnostikoa irakurtzen duenak badaki aurretik lan asko dagoela egiteko. Hortaz, aurrekontua horrekiko proportzionala izan beharko litzateke, benetan lehentasunezko gaia baldin bada”.
Kanpo kontratazioa “ez da berdina”, enpresarik handiena udala bera da: “Enpresaren egituran bertan ez badago figura hori ez da zeharkako lanketa egingo. Proiektu isolatuak egingo dira aurpegia garbitzeko, baina ez da benetan helburu batzuk finkatu direlako eta horiek gauzatu gura direlako”.
Gogora ekarri dute Berdintasun Planak (2019-2022) teknikariaren lanpostua egonkortzea aurreikusten duela 2020rako helburuen baitan, eta ez dagoela teknikaririk.
Norezekoek diotenez, Emakundek eta Eudelek berdintasunerako konpromiso politikoagaz lotzen dute gobernantza ona, eta berdintasun teknikaria edukitzea hobesten dute, gainera. “XXI. mendean gaude, eta asko kostatu zaigu. Ikusten da, gainera, beste herri askotan horren aldeko apustua egiten ari direla, edota berdintasun arloa indartzen ari direla. Agenda politikoan gero eta pisu handiagoa duen arazoa da, eta onartezina da, hortaz, Bermeolako herri batean atzerapausoak ematea”.
Datuak ere aipatu zituzten. 2011tik 2017ra, esate baterako, herrian urtean 20 salaketatik gora egon izan dira genero indarkeriagatik, eta 50era ere iritsi izan dira; «joera goranzkoa da». Bestalde, jakinarazi dutenez, lan jazarpenari aurre egiteko udalaren barne protokoloak ez du sexu jazarpena aurreikusten, eta langileen gehiengoak, ezagutu ere ez du egiten.
“Programa egiteko 100 eragile baino gehiagogaz egon zirela diote. Gugaz ez dira egon, eta mugimendu feminista eragile oso aktiboa da Bermeon”.
Norezek argi dauka ez direla aurrekontu parekideak: “Eurek horrela gura dutelako, gainera”.