Bertso ikasleen txapela
Onintza Enbeitak irabazi du Busturialdeko Bertsolari Txapelketa, eta bertsolaritza ikasten ari direnei eskaini die. Astrako finaleko giroa eta eskualdean bertsoa bizirik dagoela azpimarratu dituzte Lilibertsokoek.
Bertso eskolak. Bertsolaritzaren harrobia. Busturialdeko Bertsolari txapelketaren finala barikuan jokatu zuten, Astran. Jende asko egon zen, eta tartean zeuden, bertso ikasleak. Plazetan bizia hartzen du bertsolaritzak, bizi-bizi dago, eta baita ikastetxeetan edota bertso eskoletan ere. Horietan batzen diren ume eta gaztetxoek ere aberasten dute.
Hirugarrenez Onintza Enbeitak irabazi du Busturialdeko Bertsolari Txapelketa, eta bertsolaritza ikasten ari direnei eskaini zien txapela muxikarrak, bariku gauean: Txapel hau ta animoak, bertso ikasleentzako; bertsotan leku libre bat merezi dozuelako, ta zuek barik gureak zentzurik ez daukalako. Beste finalista batzuk ere gogoan eduki zituzten euren agurretan. Ander Elortegik, esaterako, Jon Lopategi Baltza eduki zuen gogoan azken agurrean. Hark makina bat urte eman zituen ikastetxez ikastetxe bertsolaritza irakasten eta gaztetxoak plazaz plaza eroaten. Azken urteotan, haren lekukoa hartuta ari da Elortegi. Horrez gain, Lilibertso euren bizitza izateagatik harro dagoela esan zuen: Ate guztiak zabalik dagoz, gazte eta gazteago. Kontuz Gernika hau hasten dabil, gara gero ta gehiago. Bertsoa ez da moda zahar bat, bertsoa bizirik dago.
“Eurak animatzea garrantzitsua dela uste dut. Bertsolaritza ez da jardun masibo bat. Guk badakigu zenbat kostatu zaigun bertsotan bide bat egitea, eta nik gureko neuke agurrean esan nuen moduan, horrek ikasle denek bertsotan leku libre bat topatzea. Bertsotan plazan, bertsozale, gai jartzaile, epaile edo eurak nahi duten moduan, baina bertsolaritza eurentzat leku libre bat izatea. Uste dut gure babesa behar dutela. Atzetik inor ez badator gureak ez dauka zentzurik. Momentu polita iruditu zitzaidan hori esateko”, esan du Enbeitak.
Enbeitagaz eta Elortegigaz batera, Aitor Etxebarriazarraga, Asier Galarza, Mikel Retolaza, Koldo Gezuraga, Eneko Aldana eta Julen Arzanegi izan dira aurtengo finalistak. Lehen zatiko bertsoaldian, Enbeitak, Elortegik, Retolazak eta Gezuragak lortu zituzten puntu gehien, eta laurak sailkatu ziren bigarren fasera. Gero, Elortegi eta Enbeita pasatu ziren buruz burukora. Retolaza sailkatu zen hirugarren eta Gezuraga laugarren. Bizkaiko txapeldunak jantzi zion txapela Busturialdekoari, beraz, muxikarrak berak ipini zuen. Bertsolari eta bertsozaleek giro itzela sortu zuten Astran: “Hori ona da bertsozaletasunarenetzat. Gernikaldeak eta Busturialdeak orokorrean bertsolari asko eman dituzte, baina, ez dira bereziki zonalde bertsozaleak. Astra horrela beteta ikustea, kristoren giroagaz eta gazte askogaz pozgarria izan zen”.
Lilibertsokoek barikukoa ahaztezina izan zela azpimarratu dute eta eskerrak eman dizkiete finalean batu ziren zaleei: ” Astra goraino bete zenduen eta gozamenak oholtza bazterrak jantzi zituen. Onenak zarete. Bertsoa bizirik dago gurean”.
Enbeitaren berbetan, maila oneko finala izan zen barikukoa. Eskualdeko txapelketa borobiltzeko saio ederra osatu zuten finalistek. Agurren ostean, zortziko handian hasi eta zortziko txikian “lehertu zen saioa”. Bertsoaldi politez gozatu zuten bertan bildutakoek. “Zortziko handian hasi ginenean, ezinezkoa zen aurrera nork egingo zuen kalkulatzea, eta hori positiboa da. Denok maila antzerakoan egon ginela esan nahi duelako”.
Lilibertsoren lana nabarmendu du txapeldunak: “Plazer bat da Lilibertsogaz kantatzea. Kristoren gaitasuna daukate jendea batzeko eta gauzak antolatzeko, eta bertsolaritzari beste zentzu bat emateko”.
**ARGAZKIA: TXEBI ARRIAGA: