Elkartasunez eta maitasunez betetako oinkadak emango dituzte
Javi Condek, Jon Salvadorrek eta Begoña Beristainek hainbat elkarteri laguntzeko maratoi solidarioa egingo dute abenduaren 30ean, Gernika-Lumon. Gogorra izango dela badakite, baina ilusioz daude.
Erlkartasuna helburu, arineketan 82,02 metroko tartea 514 bider egingo dute Javi Condek, Jon Salvadorrek eta Begoña Beristainek, abenduaren 30ean, Gernika-Lumon. Hainbat elkarte diruz laguntzeko izango da Gernikako Arbola Maratoi Solidarioa.
Gaztelugatxeko San Juan, Pozalaguako kobak, Bizkaia Zubia, Athleticen gabarra,Deustuko Sifoia… leku ikusgarrietan atletismoa eta elkartasuna batzen eskarmentua daukate Conde eta Salvador atletek, eta oraingoan, Beristain kazetariagaz burutuko dute erronka berria, Batzarretxe inguruan.
Fernando VII.aren moduan
09:00etan Gernikako Arbola zaharretik irten eta Batzarretxe alboko bidean ariko dira korrika: “Euskal legeak sinatzera etortzen zirenean Espainiako erregeek erabiltzen zuten ibilbideko zati bat da. Fernando VIIa izan zen hori egin zuen azken erregea; atzerapenagaz zetorrenez, zati hori korrika egin zuen”, azaldu du Condek.
“Badakigu gure laguntza oso beharrezkoa dela elkarte hauentzat”
Beste behin, hainbat elkarte eta gobernuz kanpoko erakunde diruz lagunduko dituzte maratoiagaz. Kirol Egokituko Euskal Federazioa, Basauriko Kirol Egokituko Kluba eta Siervas de Jesus emakumezkoen kongregazio katolikoa dira horietako batzuk, eta Aingeru-Etxebarri Proiektu Solidariora ere bideratuko dute dirua. Horrez gain, Sanfilippo sindromea daukatenei eta Saharako errefuxiatuen kanpamenduan bizi direnei ere iritsiko zaie euren elkartasun besarkada.
Donazio batzuk egin dituzte dagoeneko, eta beste batzuk proba amaitu ondoren egingo dituztela zehaztu dute. “Badakigu gure laguntza oso beharrezkoa dela erakunde hauentzat”. Horregatik, elkartasunez eta maitasunez betetako oinkadak emateko gogoz eta ilusioagaz daude hirurak.
Seigarren maratoia
Condek eta Salvadorrek orain arte bost egin dituzte elkarregaz. Beristain euren laguna da, eta atletismoagaz lotura estua dauka. Hirurak dira bizkaitarrak eta halako elkartasun maratoi bat Gernikan egitea edozein kirolari bizkaitar zein euskaldunentzat berezia dela aitortu dute. Aspalditik zeukaten ingurua begiz jota: “Gehien gustatzen zaiguna espazio honetan egitea izugarria da. Aurretik egin ditugunak bezalako ilusioa egiten digu, baina, plus bat daukala uste dugu”.
Aurrekoak bezala, honakoa ere homologatuta egongo da, eta Bizkaiko Federazioko Epaileen Elkargo epaileek egiaztatuko dute.
Lasterketarena «jaiaren eguna» da eurentzat, baina aurretik, lan asko edukitzen dute. Izan ere, maratoia burutzea da erronka nagusia, baina egin gura izaten duten leku berezietan egiteko aukera edukitzea lortzea ere bada erronka, baimenak lortu behar izaten baitituzte.
“Entrenamenduan gogorra iruditu zaigu; esfortsu handia egin beharko dugu”
Bermeokoa, “gogoangarria”
Iazko maiatzaren 6an egin zuten Gaztelugatxeko San Juaneko maratoia, eta ikusle asko erakarri zituzten. 50,88 metroko tartean, ermitari 829 buelta eman zizkioten. Bospasei ordutan bukatzeko asmoa zeukaten, baina lau ordu eta 31 minututan amaitu zuten. Sekulako beroari aurre egin behar izan zieten; oinak minduta eta kiskaltzen zeuzkatela egin zuten, eta Conderentzat eta Salvadorrentzat maratoi solidario “gogoangarriena” da.
Lekuaren araberako entrenamenduak egin behar dituzte; faktoreak aldatu egiten baitira espazio batetik bestera. “Lehen entrenamendua egin dugu dagoeneko, eta nahiko gogorra iruditu zaigu. Tarte txikia da, baina ez da berdina 50 aldiz egitea edo 500. Harria da, eta korrika egitean ez du guk nahi beste moteltzen. Asfaltoa denez, gogorragoa da. Aldats txiki pare bat ere badaude, ez dira handiak baina 500en aldiz egitean, hankak gogortzen zaizkizu. Esfortsu handia egin beharko dugu”.
Gogorra izango dela badakite ere, halako erronkek liluratzen dituzte, eta gogotsu daude. Lau ordu eta 40 minutu eta bost ordu artean egitea aurreikusi dute. Diotenez, “erritmo iraunkorra” mantenduko dute, “ez arriskatzeko”. Conderen berbetan, eguraldiak languntzea ere ez da oztopo izango: “Txingor-zaparrada bota eta hiru gradu badaude ere, egin egingo dugu”.
“Espero dugu jendea berotasun apur bat ematera etortzea, beharko dugu-eta”
Euren taldeko kideak edukiko dituzte alboan beste behin, behar duten laguntza emateko prest. “Eurek asko errazten digute gure zeregina. Gehienak kirolari izandakoak dira, eta ekitaldiak antolatzen ere esperientzia daukatenak. Eurekin babestuagoak sentituko gara. Konfiantzazko jendea beti behar izaten da, edozein ezusteko konpondu ahal izateko”.
Abenduaren 30ean jende asko batzea espero dute: “Uste dugu jendea hurbilduko dela. Gaztelugatxegaz alderatuta, esaterako, jendea hurreratzea errazagoa izango da, haraino igo egin behar delako. Espero dugu jendea berotasun apur bat ematera etortzea, beharko dugu-eta”.