Bermeoko Udalak 23.083.944 euroko aurrekontua onartu du 2020rako
Gaur goizean egin duten ezohiko osoko bilkuran onartu da aurrekontua EAJren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Guzanek aurka bozkatu dute. Datorren urteko aurrekontua aurtengoa baino %2,5 handiagoa izango da.
Gaur goizean egindako ezohiko osoko bilkuran onartu dute 2020. urterako aurrekontua, Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aldeko eta Guzan eta EH Bilduren aurkako botoekin. 23.083.944,20 euroko aurrekontua onartu dute, hain zuzen ere; aurtengoa baino 2,5 handiagoa izango da.
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak azaldu duenez, “herri hobea egiteko eta bermeotarren beharrizanei zuzenean erantzuten dion aurrekontu proiektua onartu da”. Aurrekontua “orekatua eta arduratsua” dela uste dute jeltzaleek, bai eta integratzailea ere: “Beste taldeen eskariak ere barneratu ditugu”.
Aurtengo igoeraren arrazoiak bi dira: Batetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Udalkutxako sarrerak %3,9 igo dira (11.042.299 euro). Bestetik, urrian onartu zituzten prezio publikoen, tasen eta zergen eguneraketek ere igoera ekarri dute.
Aurrekontua lau ataletan antolatzen da: Udala (19.167.328,74 euro), Gizarte Ongizate Udal Patronatua (5.543.946,52 euro), Kirol Patronatua (1.141.603,90 euro) eta Beruala (580.000 euro).
Gastuei dagokionez, batez beste, pertsonal gastuak aurrekontu guztiaren %62 izango dira eta gastu korronteak %27. Kirol, kultura eta gizarte ekintzako herriko taldeek aurrekontuaren %3a (677.075,84 euro) jasoko dute eta inbertsioetara %4 bideratuko da, 826.748,31 euro, hain zuzen ere. Azkenik, zorraren ordainketarako 667.707,05 euro (%2,89) bideratu dira.
Bermeo garbi mantentzera 2,1 milioi eurotik gora bideratuko dituzte; besteren artean, edukiontziak eta sastar batzeko kamioiak berriztera zuzenduko dute diruaren zati bat. Irisgarritasuna hobetzeko, berriz, 1.3 milioi euro gorde dituzte. Hala, Itsasbegin aparkaleku berriak egiteko lurrak eskuratzeko diru saila jasotzen du aurrekontuak, eta saihesbideko lotura eta bidegurutzea egingo dituzte. Bestalde, Itsasbegi-Iparragirre auzoetan, tunelaren atzetik bidea egingo da eta igogailu edo elementu mekanikoen proiektua egitea aurreikusi dute. Auzoetarako ere diru saila egongo dela zehaztu dute.
Udaltzaingo eta Herri Babesarentzako ekipamendu berriak erosiko dituzte eta Udaltzaingo taldea indartuko dute. Hortaz, herri seguruagoa lortzera 1,6 milioi euro bideratuko dira.
Bestalde, kiroldegiko larrialdietarako eskailera egingo dute, bai eta futbol zelaiko belarra aldatu ere. Antzinako Jose Done ikastetxeko kirol instalakuntzetan hobekuntzak egiteko diru saila ere jaso dute. Datorren urtean, txakurgunea egitea aurreikusita daukate, eta herri ikastetxeko kantxak herritarrei zabaltzeko ahaleginak ere egingo dituztela esan du alkateak.
Gizarte politikak, berdintasuna eta gizarte zerbitzuetara 5.607.946 euro bideratuko dituzte, eta 165.033 euro, berriz, Gazteentzako politiketara, zerbitzuetara eta proiektuetara. Azken horretan, Ludoteka eta Gazteleku zerbitzuak indartzea daukate aurreikusita, bai eta mendekotasunen aurkako plangintza bat egitea ere.
Datorren urtean, ostalaritza eta komertzioa biziberritu eta sendotzera bideratutako programak egingo dituztela iragarri du alkateak; era berean, udal azoka biziberritzeko plan integrala ere egingo dute. Alde Zaharra biziberritzeko 40.000 euro gorde dituzte, eta Behargintzatik 80.597,57 euro bideratuko dira lan orientazioa, lan munduan integrazioa, enpresen lehiakortasuna eta ekintzailetza sustatzera.
Bermeo Gaztelugatxera joateko sarrera bilakatu gura dute, bisita gidatuak antolatuta edota lanzaderak jarrita. Bertoko produktuen kanpainak egiteaz gain, Bermeo World Tuna Capital proiektuaren aldeko apustuarekin jarraituko dute.
Euskarak ere badu lekua aurrekontuan. Besteren artean, Bermeoko euskara balioan jarri eta zabaltzeko egitasmoak landuko dituztela esan du Abaroak: «euskararik txarrena egiten ez dena da». Gainera, bermeotar esanguratsuen ibilbidea ezagutzera emateko proiektuak ere egitea aurreikusi dute.
Berdintasun politikak. Eztabaidarik handiena berdintasun politiken inguruan sortu da gaurko ezohiko bilkuran. Guzan eta EH Bildu ez datoz bat EAJk hartutako erabakiarekin; «berdintasun teknikariaren lanpostua ezabatuta, atzerapausoak» ematen direla uste dute.
EH Bilduk aurkeztutako 18 emendakinetatik Ortuberi 20.000 euroko diru laguntza ematea baino ez dute onartu. Beste hiru emendakin, berriz, partzialki onartu dituztela jakinarazi dute. Esaterako, klima aldaketari aurre egiteko 70.000 euroko diru saila eskatzen zuten, eta aurrekontuan 15.000 euro baino ez dituzte aurreikusi. Bestalde, Itsasbegiko igogailuaren eta autokarabana gunearen proiektuak egiteko emendakinak ere partzialki onartu dituztela esan dute.
EH Bilduko zinegotzien ustez, «aurrekontuetan argi gelditzen da langabetuak, gazteak eta emakumeak ez direla EAJren lehentasunak». Gainera, akordiorako borondate falta salatu dute: «Argi gelditu da EH Bilduren herriaren ereduak eta EAJrenak talka egiten dutela».
Guzan plataformakoek aurkeztutako emendakinetako batzuk udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontuan badaude ere, plataformaren «ardatz nagusiak bete ez direlako» aurkako botoa eman dute; horiek, berdintasuna, parte hartzea, portuaren berrantolaketa eta turismo plana direla azaldu dute.