«Xixilik barruan sorrarazten didana idatzi gura izan dut»
Getxoztarra bada ere, erroak Bermeon ditu Leire Lekuonak, eta dioenez, Xixili asko maite duen pertsonaia da. Hala, bere lehenengo liburuaren protagonista bihurtu du Bermeoko lamia.
Leire Lekuonak (Getxo, 1976) lehen liburua argitaratu du: Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa. Ilustrazioak bere lagun Vivieronperdicesek egin dizkio.
Zer kontatzen du Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa liburuak?
Liburuak Xixiliren istorio asmatua kontatzen du. Ipuin bat da, 50 orrialdekoa. Liburu arina da, erraz irakurtzekoa, baina mamitsua ere bada aldi berean. Nire ustez, espazio laburrean gauza asko kontatzen dituen ipuina da. Esan behar dut, gainera, ez dudala umeentzat idatzi, gazte eta nagusientzat baizik, umeek ez dute ondo ulertuko eta. Bermeokoek ondo ezagutzen dute nor den Xixili, herriko bertako lamia baita. Bada, istorio asmatu honetan, Xixilik hegatsa galdu zueneko pasartea kontatzen da, gizakien munduan bizi izan zenekoa. Eta, noski, istorioan falta ezin daitekeen gauza bat gertatzen da: lamia herriko arrantzale gazte bategaz maitemintzen dela. Esan daiteke amodiozko kantu bat dela liburua. Gehienetan, gure mitologian eta herri ipuinetan aurkitzen ditugun ipuinetan, lamien eta gizonen arteko harremanak kontatzen dira, eta hori oinarri hartuta, bestelako mundu bat sortu dut, nahikoa pertsonala. Liburua ez da denbora zehatz batean kokatzen, baina Bermeon oso ezaguna izan zen gertaera bat kontatzen du. Era berean, mitologiako beste pertsonaia bat ere bada kapitulu batean… Horrek denak ipuina berezia izatea egin duela uste dut. Esango dut, baita, amaiera klasikorik ez duela.
Xixili Bermeon oso ezaguna den lamia da. Herritik kanpora ezaguna da?
Egia esan, ez dakit. Baina susmoa dut ez dela hain ezaguna, eta oraingoz, behintzat, Bermeo aldean besterik ez dela ezagutzen. Azken urte hauetan, agian, ezagunagoa egin den pertsonaia da. Nire lagunek, adibidez, nire eskutik izan dute haren berri; beraz, esan dezaket Algorta partean ere jada ezaguna egin dela.
Fikziozko istorioa dakarzu. Hala eta guztiz ere, horren inguruan kondairak ere badaude. Horietan girotu zara liburua idazterakoan?
Bai eta ez. Aspalditik daukat Xixiliren berri, baina ez dago informazio askorik liburuetan. Bai, ordea, Interneten, eta ahal izan dudan gehiena irakurri izan dut berari buruz. Beraz, alde horretatik baietz erantzungo nuke. Dena den, nire mundura ere eraman nahi izan dut istorioa, niri Xixiliren pertsonaiak barruan sorrarazten didana idatzi, kutsu pertsonala emanez. Hari nagusitzat amodiozko istorioa hartuta, nire kaxa ibili naiz ipuina idazten, hemendik eta handik deigarriak egiten zitzaizkidan elementuak hartuta, nire barnean borobilduak ikusten nituen arte. Adibidez, badago pertsonaia mitologiko bat, munstro bat; uste dut kristau mitologiatik datorren pertsonaia dela. Hala, batean, Xixiliri buruz pentsatzen nenbilen artean, aspalditik gordeta neukan aldizkari bateko testu bat aurkitu nuen etxean, eta pertsonaia horren irudia eta azalpentxo txiki bat zeuden. Aldizkariko testu hori 18 urte inguru nituenean gorde nuen, agian zerbaitetarako baliagarria izango zitzaidalakoan, eta bai balio ere! Txundituta begiratu nion irudi horri, behar nuen pertsonaia ikusi nuelako une hartan, ur azpiko munstro izugarria baita. Gauza benetan bitxiak gertatu zaizkit Xixiliren istorioa idazterakoan.
Uste duzu zure liburuari esker Bermeoren kondaira zabaldu daitekeela?
Ez dakit hainbesterako arrakasta izango duen. Nahiago nuke! Nik errespetu handia diot Xixiliri, aspalditik asko maite dudan pertsonaia da, eta errespetu berberagaz idatzi dut liburua. Eta espero dut jendeak irakurtzerakoan ere gozatzea nik idazterakoan gozatu dudan bezala.
Zelan erabaki zenuen Xixiliri buruz idaztea?
Esan dudan moduan, aspalditik neukan Xixiliren berri. Getxoztarra naizen arren, nire erroak Bermeon ditut. Nire aita bermeotarra da, eta amaren aldetik ere bada zerbait. Ez dakit noiz izan nuen lehenengo aldiz Xixiliren berri, agian noizbait aitari entzunda, agian nonbaiten irakurrita… Baina gogoan dut pertsonaia barru-barruraino sartu zitzaidala. Sasoi horretan ez nengoen nire onenean, bolada txarra pasatu nuen. Hala, lagun bohemio batek esan zidan mendira joateko eta oihu egiteko. Antza denez, ez nion aurpegi onik jarri, eta orduan esan zidan: «Zure bizimodua gustukoa ez baduzu, aldatu ezazu. Asmatu izen bat, eta ikusiko duzu zelan izen berri horrek bizitza berri bat ere badakartzun». Eta hori bai, gustukoagoa izan nuen, eta kasu egin nion. Ez nuen izena aldatu, noski, baina nire barnean zerbait aldatu egin zen, gauzak aldatuz joan ziren. Sasoi hartan urpekaritza egiten hasi nintzen, eta hor egin nuen topo Xixiliren ur azpiko erreinu magikoagaz. Izugarria izan zen arraintxoekin, olagarroekin eta marrazoekin igeri egitea. Baina, horrez gain, beti izan dut idazteko grina, txikitatik. Idazteko beste proiektu batzuk ere baditut, baina gurago nuen honelako ipuin bategaz hasi. Hala, Gaztelugatxera bakarrik eta euria egiten ari zela igo nintzen egun batean pentsatu nuen: zergatik ez Xixiliri buruzko zerbait egin? Itsasoa zakar zegoen, eta ur azpiko erreinu bitxi horretan pentsatzen hasi nintzen. Horri tiraka bururatu zitzaidan Xixili ur azpitik atera eta gizakien mundura ekar nezakeela. Hortik dator azpititulua, Hegatsa galdu nuenekoa.
Zenbat denbora behar izan duzu idazteko?
Denbora nahikoa behar izan dut istorioa ondo kokatzeko, datuak ondo zehazteko… Gutxika-gutxika ehuntzen ditut nik hariak. Gero, idazterakoan ere nire denbora behar dut. Uda garaian idatzi nuen ipuina.
Istorioa zarratuta utzi duzu edo jarraipena izan dezake?
Ez diot bigarren parte bat ikusten, baina euskal pertsonaia mitologiko bategaz antzeko zerbait egitea pentsatuta dut. Eta ahal izanez gero, hirugarren bategaz ere bai. Ezin dut askorik esan horri buruz, ikusi beharko da zelako harrera daukan Xixilirenak. Halaber, eleberri historiko-fantastiko bat idaztea ere badut buruan. Baina hori, agian, epe luzera begira izango da. VIII. mendan hasi eta XX. mendeko 70eko hamarkadara doan denbora tartean kokatu nahi dut, eta hori besterik ezin dut esan. Horrez gain, Bermeogaz zerikusia duen beste gauzatxo bat ere badaukat buruan, baina ez dakit denetarako astirik izango dudan.
Bermeogaz daukazun loturak eraman zaitu liburua Bermeon girotzera?
Bai, Bermeogaz lotura daukat, egia da. Gainera, nire etxean beti goraipatu izan da Bermeo eta bermeotarren izaera. Niretzat herri berezia da, jende jatorra dagoelako, alaiak direlako, ez dute beldurrik eta aurreiritzirik gabe jokatzen dutelako normalean. Nik, behintzat, horrela ikusten ditut bermeotarrak.