Bermeoko EH Bilduk 18 emendakin aurkeztu dizkio udal gobernuaren aurrekontuari
Koalizioaren ustez, EAJren udal gobernuaren aurrekontua ez da soziala: "Langabetuei bideratutako zerbitzuak murriztu dituzte, eta azpikontratazioaren aldeko apustua ikusten ari gara".
2020. urterako aurrekontua prestatzen ari da Bermeoko Udala, eta EH Bilduk hamazortzi emendakin aurkeztu dizkio Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuari, “herritarren bizi kalitatea hobetzeko”.
Herenegun prentsaurrekoan esan zutenez, udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontua ez da soziala: “Langabetuei bideratutako zerbitzuak murriztu dituzte, eta azpikontratazioaren aldeko apustua egiten ari direla ikusten gabiltza”. Hala, “arduraz” jokatuta, aurrekontua hobetzeko emendakinak aurkeztu dituzte, “herri guztirako onak izango direlakoan”.
Herriko gazteei emantzipatzen laguntzeko bideratzen zen diru laguntzen diru saila “desagertu” egin dela esan dute. Horregatik, Alde Zaharreko alokairuentzako laguntzak ematea eskatu dute: “Helburu bikoitza dauka. Batetik, gazteei erraztasunak ematen dizkiegu emantzipatzeko, eta bestetik, gazteak Alde Zaharrera erakartzen ditugu, biziberritzeko asmoz”. Alde Zaharraren biziberritzeagaz jarraituta eta inguruan merkataritza sustatu asmoz, lokal hutsen programa eta beste ekintza batzuk martxan jartzeko diru sailak ere eskatu dituzte.
Enplegua EH Bilduren lehentasuna da. Modu horretan, langabezian dauden herritarrei gutxieneko zerbitzuak emateko emendakina aurkeztu dute. Azaldu dutenez, Behargintzaren bitartez eskaintzen zen orientazio zerbitzua desagertu egin da aurrekontutik.
Irisgarritasuna bermatu aldera, bestalde, Itsasbegin igogailua jartzeko proiektua abiarazteko eta Bizkaiko Jaurerria kaleko proiektuagaz jarraitzeko eskatu dute, “zirkulazioa ordenatzeko eta merkatarientzat aukera ezin hobea izan daitekeelako”.
Berdintasunaren alde lan egitea “ezinbestekoa” da EH Bildurentzat, eta arlo horretan EAJren udal gobernuak «atzerapausoak» eman dituela diote, «berdinasun teknikariaren lanpostua ezabatu» dutela azpimarratuta.
Klima aldaketari aurre egiteko diru sailak ere eskatu dituzte, “ingurumena zaintzeko aurrekontua beharrezkoa delako”.
Kirola eta osasunari lotuta, berriz, gimnasioa handitzea gura dute, bai eta aireztatze sistema jartzea eta indar makinak berriztea ere. Herri eskoletako kantxa estaltzea ere gurako lukete.
Umeei zuzendutako Bekoportale zerbitzua indartzea eta Ortube eta Harrera elkarteei diru laguntzak ematea ere proposatu du koalizioak.
Azaldu dutenez, bermeotarren bizi kalitatea hobetu asmoz, «zentzuzkoak, zuzenak eta kuantifikatuak» diren emendakinak aurkeztu dituzte: “Eskubideak berreskuratzen jarraitzeko, ezberdintasunekin amaitzeko eta herritarren ongizatean laguntzeko proposamenak aurkeztu ditugu”.