Iskander Kobeaga pilotu ereñarrak hirugarren egin du Sportech Kopan
Sportech Kopako irabazleak Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria eibartarrak izan dira. Bestalde, Txus Jaiok irabazi du kopako sari banaketaren baitako erronka.
Aurten lehenengoz lehiatu duten Sportech Koparen sariak banatu zituzten zapatuan, Markina-Xemeingo Kareaga industrialdean. Asfalto zein lur gaineko zazpi probek osatu dute kopa, eta Ford Fiesta Sort autoagaz onenak izan diren hiru bikoteek jaso zuten saria. Horien artean Iskander Kobeaga ereñarra saritu zuten. Kobeaga hirugarren sailkatu da Harkaitz Zubimendi azpeitiarragaz batera.
Zubimendik eta Kobeagak Kopan ez dute rallyrik irabazi, baina proba askotan podiumera igo dira. Balentria horri esker, 206,15 puntu lortu dituzte.
Nafarroako zirkuituko lur gaineko rallya, Goilurrak rallya eta Rally Princesa de Asturias ezaguna ere irabazita, Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria eibartarrek jantzi dute txapela, 270,65 puntu lortuta. 2.000 euroko ordainsaria ere jaso du bikote eibartarrak. Igor Izagirre eta Angel Ruiz goierritarrak izan dira bigarren sailkatuak, 252,90 puntugaz. Gernika-Lumoko rallya eta Torres del Rioko rallya irabazi dituzte.
Sari banaketaren aurretik, baina, Kopan parte hartu duten zortzi taldeen artean Karting txapelketa lehiatu zuten eta Txus Jaio pilotu markina-xemeindarrak eta Ivan Raña triatleta galiziarrak erronka bitxiari ekin zioten. Karting ibilgailuetan eta bizikletan elkarren aurka aritu ziren nor baino nor azkarrago. Lehendabizi kart gainean ibili ziren, eta handik zuzenean, bizikleta hartu zuten.”Jendeak gustura hartu zuen erronka. Momentu polita izan zen”. Jaio zein Raña oso pareko ibili ziren ibilbide guztian, baina azkenean, helmugan sartzen azkarrena pilotu markina-xemeindarra izan zen; segundo bateko aldeagaz nagusitu zen Jaio.
Gainera, kopan parte hartu duten pilotuekin, Jaiorekin eta Rañarekin solasaldia egin zuten: “40 bat minutuko berbaldi interesgarria eman zuten. Ondo egon zen. Denboraldia zelan joan den, eta bakoitzaren esperientzia kopan zelakoa izan den kontatu zuten, esaterako”.
Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, zale asko batu zela azaldu dute antolatzaileek. Denetara, 150 bat lagun. Iragarri dutenez, datorren urteko txapelketara begira jarrita daude. Udaberrian emango diote hasiera txapelketari. “Lanean ari gara urtetik urtera hobetzen joateko”.