Foruko kultur etxeak Gabon postal eta olerki lehiaketa antolatu du
Lehiaketan parte hartu gura dutenek, barikua baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak.
Foruko J.M. Torrealdai Kultur Etxeak abendurako prestatu duen egitarauaren baitan, Gabon postal eta olerki lehiaketa dago.
Hiru urtetik aurrerako herritarrek parte hartu ahalko dute aipatu lehiaketan. Kategoria ezberdinetan banatuta parte hartuko dute, gainera: batetik, 3 eta 5 urte bitartekoak izango dira eta horiek postal lehiaketan parte hartuko dute; bestetik, 6 eta 12 urte artekoak egongo dira, eta horiek ere lehiaketa berean parte hartuko dute.
13 urtetik gorakoek, aldiz, postal lehiaketan zein olerki lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.
Kategoria batekoek zein bestekoek gai bera izango dute: Gabonak. Lanak Din-A4 neurrian aurkeztu behar direla jakinarazi dute.
Denentzako sariak. Foruko kultur etxeak antolatu duen lehiaketan parte hartu gura dutenek, barikua baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak. Goizean, udaletxean utzi ahalko dira lanak, arratsaldean, berriz, J.M. Torrealdai Kultur Etxean bertan aurkeztu beharko dira.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzaile guztientzako sariak egongo dira, eta sari bereziak ere zozkatuko dituzte. Abenduaren 13an egingo dute sari banaketa ekitaldia.
Lehiaketara aurkeztutako lanak herritarrak zoriontzeko erabiliko dituzte.