Bermeon 2.112 lanpostu sortzen ditu atunontzi izoztaileen sektoreak
Bermeo Tuna World Capital Elkarteak (BTWC) Azti zentro teknologikoaren lankidetzagaz, hegalabur sektore izoztaile osoaren balio katearen eragin ekonomikoa aztertu du.
Bermeoko enpresek atunontzi izoztaileen sektorean sortzen duten negozio bolumena 1.550 milioi eurora iristen da (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %79a eta Espainiako Estatuko %44a). Gainera, enpresa horiek 21.493 lanpostu sortzen dituzte, zuzen zein zeharka, horietatik 2.112 udalerrian bertan (593 transformazioan eta 1.519 arrantzan).
Bermeo Tuna World Capital Elkarteak (BTWC) Azti zentro teknologikoaren lankidetzagaz, hegalabur sektore izoztaile osoaren balio katearen eragin ekonomikoa aztertu du, eta aipatu datuak atera ditu egin duten ikerketatik.
Ikerketaren arabera, Bermeok garrantzia berezia du sektorean. Bermeoko enpresak 45 arrantzontzi, 27 ontzi laguntzaile eta 6 kargaontzien jabeak dira. Bermeoko ontzidiak Indiako Ozeanoan, Ozeano Barean eta Atlantikoak jarduten du.
Dokumentua hegalabur sektore izoztailearen balio kate osoaren eragin ekonomikoaz egiten den lehen azterketa dela azaldu dute; Espainiako estatu mailan, lurralde mailan eta maila lokalean egin dute.
Hiru urteko datuak. 2015, 2016 eta 2017. urteetako datu ofizialak erabili dituzte analisia egiteko, eta tunido tropikalak izan dituzte kontuan, hau da, atun moja (Thunnus obesus), hegal hori (Thunnus albacares) eta marradun (Katsuwonus pelamis) espezietakoak; hiru horiek osatzen baitituzte gehienbat atunontzi izoztaileen harrapaketak. Espezie horiek, batez ere, kontserba moduan iristen dira kontsumitzaileengana, hegalabur eta hegaluze izendapenekin.
Ondorioztatu dutenez, sektoreko euskal enpresek 1.969 milioi euroko negozio bolumena sortzen dute munduan. Horietatik 924 milioi zuzenean etortzen dira Bizkai, Araba eta Gipukoara (448 milioi arrantzan eta 476 milioi transformazioan).
Jakinarazi dutenez, euskal enpresa izoztaileek 29.117 lanpostu sortzen dituzte, zuzenean zein zeharka; horietatik 3.100 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan geratzen dira.
Espainiako estatuan 70 arrantzontzi daude, 31 ontzi laguntzaile eta 8 merkantziaontzi. 70 atunontzietatik 54 euskal enpresetakoak dira (45 Bermeokoak). Ontziteriaren arrantza eta transformazioak 3.532 milioi euro sortzen ditu urtean.
Hegalaburra arrain kontsumoaren %50 baino zerbait gehiago da Espainiako estatuan. 225.000 tona hegalabur kontserba ekoizten dira, munduko bigarren ekoizlea delarik. 60 kontserba fabrika baino gehiago daude, eta 7.563 lanpostu eta 2.233 milioi euroko eragin ekonomikoa sortzen dute.