Lointek Gernika Bizkaia Erregina Koparako txartelagaz bueltatu da Gasteiztik
Defentsa sendoagaz, talde lan bikaina eginda, 40-59 irabazi dio RPK Araskiri. Martxoaren 5tik 8ra Salamancan jokatuko dute Erregina Kopa.
Asteburu gozoa izan da Lointek Gernika Bizkaiarentzat. RPK Araskiren kontrako derbia irabazi, eta Erregina Kopa lehiatzeko txartela eskuratu du. Zapatuan, talde lanean nabarmendu zen talde gernikarra, eta defentsa sendoari esker, 40-59 nagusitzea lortu zuen.
Intentsitatez beteriko neurketaz gozatzeko osagai guztiak izan zituen derbiak. Martxa bat gehiagogaz hasi zuen partidua Lointekek. Sentsazio onak izan zituzten jokalariek, eta saskiratzeetan asmatu zuten. Hamar puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (9-19). Bigarrena ere ildo beretik hasi zuten. Etxeko taldea aurkariaren defentsa gainditu ezinik egon zen, eta talde gernikarraren erasoko jokaldiak oztopatzeko lan egin zuen. Hala ere, ez zuten zorte handirik eduki, eta Lointekeko jokalariek euren lana egiten jarraitu zuten. Bigarren laurdenean, baina, Mario Lopez entrenatzaile gernikarra zigortu zuten falta teknikoagaz.
18-36ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia eta atsedenalditik bueltan, defentsan zein erasoan indar falta nabaritu zitzaien Lointekekoei. Eurokoparen eragina igarri zuten, eta Araskikoek markagailuko aldea murrizteko aprobetxatu zuten.
Hamabost puntuko aldeagaz (31-46) sartu ziren azken laurdenera. Baina, Lointekeko jokalariek bazekiten partidua ez zegoela erabakita. Beraz, partidua hasieran moduan, defentsa gogorra erakutsi zuten.
Eurokopa, Malosten. Derbiaren zapore gozoari eutsiz eta atseden hartu barik, eguaztenean [abenduak 4] Eurokopa itzuliko da Malostera. Taldekako fasearen azken jardunaldia lehiatuko dute Olivais FC talde portugaldarraren kontra (20:00).
Aurreko astean, talde gernikarrak 60-74 irabazi zionUni Györ talde hungariarrari, Eurokoparen taldekako faseko azken aurreko jardunaldian, eta play off-etara sailkatzea lortu zuen.