Kerman Lejarragak ez du hutsik egin superwelterreko lehen hitzorduan
Pisu berrian garaipenagaz estreinatu da 'Morgako errebolberra'. Bi minutu baino gutxiago behar izan ditu, Anderson Clayton brasildarra KOz mendean hartzeko.
Irailean Welter pisuko Europako titulua eskuratzeko borrokaldia galdu ostean, Kerman Lejarragak garaipen arin bezain argia lortu zuen zapatu gauean, Bartzelonan.
Bilboko azken saiotik sei kilo gehiago irabazita, Superwelter kategorian bere lehen borrokaldian erakustaldia eman du. Anderson Clayton brasildarra izan zuen aurkari, Centre Municipal de Sports de Vall de Hebronen, eta lehen borrokaldian, KOz nagusitu zen.
Borrokaldi erraza izan da Morgakoarentzat. Lehenengo kolpetik mendean hartu zuen 41 urteko boxeolari beteranoa. Zortzi round-etara hitzartuta zeukaten borroka, baina, aitaren batean bukatu zuten. Morgako errebolberrak bi minutu inguru behar izan zituen aurkaria gainditzeko. Lejarragak aurpegian eman zizkion lehen kolpeak, eta gibelaldean emandako ezker gantxoak erabaki zuen borrokaldia.
Ring-era heroien pare salto egin zuen morgarrak, afizioaren txalo zaparra artean, eta amaieran ere zaleen babesa jaso zuen. Ikurrina soinean, harro ospatu zuen garaipena. Afizioari eskerrak eman zizkion, rin-etik: “Eskerrik asko etorri zareten guztioi. Irabazten duzunean, denak daude, baina, galdu dudanetan ere zuek babesa ematen egon zarete”.
Sorroche Europako titulua berresten. Melania Sorroche katalanaren eta Bilbon bizi den Violeta Gonzalez asturiarraren artekoa izan zen gaueko beste borrokaldi garrantzitsuetako bat. Manresako boxeolariak oilar pisuko Europako titulua defendatu zuen. Zortzigarren round-ean, KO teknikoak eman zion garaipena.
Bestalde, pisu arineko Espainiako txapelketa lehiatu zuten Alejandro Moya katalanak eta Ruben Rodriguez madrildarrak. Bosgarren asaltoan, KOz irabazi zion Moyak Rodriguezi.