Hainbat herritarrek parte hartu dute Euskararen Eguneko ospakizunetan
Euskaraldiko sarea osatu ostean, Euskaraldiaren sare horretan iaz bizitakoak eta hurrengo Euskaraldirako desioak eskegi zituzten herritarrek
Eguraldia lagun, hainbat herritarrek parte hartu zuten Euskararen Egunaren harira Busturian antolatutako ekintzetan. 09:00etan hasi eta 14:30ak arte, jarduera ezberdinak egin zituzten, atzo.
Esaterako, goizean goiz, mendi martxa egin zuten Katillotxura. Ondoren, Axpe auzoan, herriko txikienek umeen Korrika txikian parte hartu zuten. Herriko eskolako umeak korrikan ez ezik, bertsotan ere aritu ziren euskararen alde.
Bestalde, Euskaraldiko sarea osatu ostean, Euskaraldiaren sare horretan iaz bizitakoak eta hurrengo Euskaraldirako desioak eskegi zituzten herritarrek. Altamirako kultur etxean egongo da sarea ikusgai, eta gura duenak, bizipenak eta desioak ere eskegi ahal izango ditu egunotan.
Amaitzeko, Irrintzi Alai dantza taldeak eta Kantu-kantarik alaitu zuten giroa eguerdira arte, herritar guztiak kantuan eta dantzan jarriz.
Errigorako otzararen zozketa egin ostean, talde argazkia egin zuten Euskararen Eguneko ospakizunari amaiera emateko.