Giro onean joan dira sanandresak
Bermeon, Ibarrangelun eta Sukarrietan ospatu dituzte sanandresak asteburuan.
Azaroa agurtu eta abenduari ongietorria eman diote San Andres jaiek. Bermeon, Ibarrangelun eta Sukarrietan ospatu dituzte jaiak asteburuan.
Bermeoko San Andres auzokoek hiru eguneko egitaraua zeukaten antolatuta, eta oso ondo joan dela azaldu dute. Zapatuko bazkari erraldoian, esaterako, 125 lagun batu ziren, eta postre txapelketara 15 pastel inguru aurkeztu zituzten. Zapatu gauean ere, asko eta asko izan ziren auzoan jarritako karparen berotasunera Unholy Covers eta Akerbeltz taldeen kontzertuak ikustera bertaratutako herritarrak.
Domekako AldapaXtrem txirrindulari lasterketak 61 parte hartzaile hartu zituen. Gorka Agirreazaldegik irabazi zuen lasterketa, Xabi Ortuzar izan zen bigarrena, eta hirugarrena, berriz, Lander Lartitegi sailkatu zen. Bidean basa asko aurkitu bazuten ere, txirrindulariak ibilbidearekin “pozik” agertu direla esan dute antolatzaileek.
Ibarrangelun ere sanandresak ospatu dituzte asteburuan, barikuan kantu hasi zituzten ospakizunak. Zapatuan, berriz, mus eta briska txapelketak jokatu zituzten eta EinGO taldearekin dantzan amaitu zuten eguna. Domekan, mezaren ostean, Lorea dantza taldeko umetxoek hartu zuten herriko plaza.
Sukarrietarrek ere San Andres eguna ospatu zuten zapatuan. Mezaren ostean, hamaiketakoa jateko batu ziren hango bizilagunak. Arratsaldean, berriz, umeak izan ziren protagonistak tailerretan. Txokolate beroagaz amaitu zuten eguna.