Garaipena lortuta, basurdeak bigarren dira sailkapen orokorrean
55-0 amaitu dute asteburuan Gaztedi RT-ren kontra jokatutako partida
Bederatzigarren jardunaldian garaipen esanguratsua lortu du Gernika Rugby Taldeak, Gaztedi Rugby Taldea 55-0 mende hartuta. Jokoaren lehen hamar minutuetan gogor aritu ziren gasteiztarrak, eta gernikarren lana oztopatzea lortu zuten neurketa hasi berri zela. Hala ere, gernikarrek jokoari buelta ematea lortu zuten azkar, eta euren lanari errendimendua ateratzea. Simon Lilicamaren entseguak markatu zituen ostean etorriko zirenak. Parakik trasformatu eta hurrengo jokaldian heldu zen basurdeen bigarren entsegua, Peio Urrutiarena, lehenengoarengandik bi minutura.
Gaztediren jokoa irakurtzen ere asmatu zuen Gernika-Lumoko taldeak, eta markagailuan tartea handitzeko baliatu zuen. Hirugarren entsegua hogeigarren minutuan heldu zen, taldeko kapitain Iker Olaetaren eskutik. Eta hirugarrenetik bi minutura heldu zen GRTren laugarrena, Gaizka Iturriagarena hori. Bosgarren eta seigarren entseguak ere partidaren lehen zatian egin zituzten basurdeek, Jon Aboitizen eta Xabier Albizuren eskutik. Hala, markagailua 38-0-koa zela amaitu zen lehen zatia.
Bigarrenean ere arazo handirik ez zuten izan gernikarrek, eta jokalariak aldatuta, jokoa ere aldatu zen. Melean aurrera eginda kolpeak ateratzeko gai izan ziren gernikarrak. Lehenengo zatian erakutsitako intentsitatea ez, baina defentsa ona erakutsi zuen etxeko taldeak. Erasoan ere min eman zuten basurdeek, eta bigarren zatia hasi eta gutxira lortu zuen entsegua Abdelafatah Es Saheb-ek Afte. Partidua amaitzeko hamar minutu falta zirela egin zuten etxekoek zortzigarren entsegua, Peio Urrutiarena, eta horiekin konforme ez, bederatzigarrena markatu zuen Aftek, neurketa amaitu orduko.
55-0 amaitu zuten neurketa, eta Ohorezko B mailako sailkapen orokorrean bigarren da Gernika Rugby Taldea. Hurrengo jardunaldian Real Oviedo izango dute basurdeek aurkari.