2018an jaiotako umeek Bermeoko Kafe Antzokia bete dute
Iaz, 129 ume jaio ziren Bermeon, eta bertsolariek bereziki egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere badaukate esku artean.
Urtero Euskararen Egunaren harira egin modura, atzo 2018an jaiotakoen liburua banatzeko jaialdia egin zuten Bermeoko Kafe Antzokian. 129 ume jaio ziren Bermeon iaz, eta bertsolariek bereziki egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere badaukate esku artean. Atzo jaso zuten, banan-banan, Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta euskara zinegotzi Kepa Zumetaren eskutik.
Amaia Artetxe kazetari bermeotarrak gidatu zuen aurtengo jaia, eta bertaratutakoek, umeek zein nagusiek, Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizunagaz ondo pasatzeko aukera eduki zuten.
Bermeoko alkateak gogorarazi zuen, 17 urteko bermeotarrek ere badaukatela euren bertsoa etxean; izan ere, 2002an hasi zen Bermeoko Udala jaioberriei bertsoa bidaltzen. Euskarak ume horien bizitzetan edukiko duen garrantzia aipatu zuen alkateak: “Batzuk sehaskan euskara jasoko duzue, eta beste batzuk beste hizkuntza batzutan zuen lehen berbak ikasiko dituzuen arrean, laster emango dizue aterpe euskarak. Bermeok daukan euskara kresaltsua zuen parte izango da. Egon zaitezte harro; euskara beregain duenak, altxor handi baten jabe delako”.
Ekitaldiari amaiera emateko, bertaratutako guztiek familia argazkia atera zuten.