Euskaraldiagaz lotutako bizipenak erakutsi dituzte bermeotarrek
2018ko ekitaldiak utzitako bizipenak ez ezik, 2020ko ekitaldirako dituzten asmoak agertu dituzte
Euskararekiko dituzten desioak, eta Euskaraldiak sentiarazi diena plazara atera dute gaur, Bermeon. Goiko plazan eskegitako sarean utzi dituzte idatzita, eta berau, “bermeotar danok batuko dituen sarea” dela esan du Amaia Artetxe aurkezleak. Euskaraldiak sortutako bizipenak ez ezik, hurrengo urtera begira, euskararekiko zein desio duten ere azaldu dute Goiko plazan bildutako herritar, talde eta elkarteek.
Hainbat elkarte batu ziren iaz Euskaraldira, eta 2020an ere elkarte berriak batzea espero dute Euskaraldiaren batzordekoek. Gaurko ekitaldian, horietako batzuek idatzitako bizipen, asmo eta desioak irakurri dituzte: Xixili gimnasia taldea, Alkartasuna dantza taldea, euskalgintzan ari diren elkarteak, ikastetxeak, ikasleen guraso elkarteak, udaleko langileak… Alkartasunakoek, besteak beste, 2018ko Euskaraldian euskaraz aritzeko gune berriak ezagutu dituztela esan dute. Gainera, euskara berriro pizteko balio izan duela eta Bermeoko euskara maitatua dela erakutsi duela, besteak beste. 2020ko Euskaraldirako, berriz, euskaraz bizitzeko konpromisoa espero dute, jende gehiago batzea euskarara eta gazteek euskara euren hizkuntza egin dezaten, “gure hizkuntza bakarra delako”. Horrela, Euskaraldiaren lorpena euskara urteko egun guztietan piztuta egotea izan behar dela esan dute Bermeoko dantzariek.
Irudi positiboa, ilusioa, konplizitatea, inplikazioa, parte hartzea, aktibazioa, laguntasuna, kontzientzia piztea, poza, eskertza edota sorpresa atseginak aipatu dituzte Bermeoko udal langileek Euskaraldiaren lehenengo edizioak utzitakoen artean. Eta hurrengo urterako, konpromisoak pilatu nahi dituzte, ahobiziak erakarri eta belarripresten ahalegina gura dute. Gainera, esan dute, administrazioaren parte diren heinean, eredu izan behar direla. Horrela, 2018an piztutako sua amatatzen ez uzteko eskatu dute.
Antzerako desioak dituzte ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoek. Euskaraz aktibatzea, girotzea eta jendea euskaraz asko entzutea lortu zela esateaz gain, hasitako bide horretan urrats sendoak emateko eskatu dute; eta euskaraz bizi nahi dutela adierazi dute, ozen.
Xixili gimnasia taldekoek ere Euskaraldian bizitakoarekin pozik daudela azaldu dute. Aurrerapausoak eman dituztela esan dute, baina oraindik ere pauso gehiago eman behar dituztela ohartu eta kontzientzia hartzeko balio izan diela aitortu dute. “Konturatu gara zelako garrantzia duen euskara erabiltzeak eta guk zelako zailtasunak ditugun entrenatzaile euskaldunak bilatzeko”, azaldu dute. Hala ere, poza sentitu dute 2018ko Euskaraldian, ekimen parte hartzailea izan delako, jende asko agertu delako euskaraz egitearen alde eta konplizitatea sortu delako. Hala, Euskaraldia asmo hutsean geratu ez dadila espero dute, baizik eta hobetzeko balio izatea.
Umeentzako ekintzak eta talo jana. Umeentzako jolasak, eta dantzak ere izan dira gaur Goiko plazan, ekitaldiagaz hasi aurretik. Kabidxen, taloak egiteko eta jateko aukera ere izan dute bermeotarrek.
Bihar, berriz, Bermeoko Jaioberrien Liburuaren aurkezpena egingo dute, Kafe Antzokian. Martitzenean, Euskararen Egunean, Arnasa Gara ekitaldia eta Kartzela serie digitala aurkeztuko dituzte Bermeoko Kafe Antzokian.