Euskara plaza guztietara zabalduko dute herritarrek egunotan
Euskarararen Nazioarteko Egunaren harira, euskara etegabe eguneratzea, eraberritzea eta biziagotzea bilatuko dute egunotan. Eskualdean hamaika ekintza prestatu dituzte euskararen alde egiteko.
Euskal erakundeek adierazpen bateratua kaleratu dute abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Bide berriak, modu berriak. Ongi etorriak etorkizunera! izenburupean, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako Udalek, EUDELek eta UEMAk nabarmendu dute ezinbestekoa dela euskara “etengabe eguneratzea, eraberritzea eta irudimenez biziagotzea“.
Azken urteetan bezala, euskararen aldeko herri mugimenduen eta euskal erakundeen arteko elkarlanaren balioa azpimarratzen du adierazpenak, baita herritarrek euskararen aldeko bultzada horrekiko duten atxikimendua ere. Euskarak “bide luzea egina duela” nabarmendu dute, eta, harekin batera, euskal hiztunak eta euskaltzaleak, etorkizuna irabazteko etengabeko ahaleginean aritu direla. “Bide luzea du egina euskal gizarteak euskara plaza guztietara duintasun osoz eramateko”.
Eta asko lortu bada ere, egunero ezinbestekoa dela dio adierazpenak “gauzak egiteko moduak etengabe eguneratzea, eraberritzea, irudimenez biziagotzea”. Euskalgintzan ari diren guztiek argi erakusten ari dira “gogotsu eta prest” daudela praktika horrekin jarraitzeko. Horren adibide dira Lea-Artibain, Mutriku eta Busturialdeko bizilagunak. Izan ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute era guztietako ekimenekin, denen bultzadarekin euskararen erabilera sustatu eta etorkizuna euskaraz nahi dutela adierazteko.
Arnasgune diren herriak. Ekimenen artean, Arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia azpimarratzeko sortutako Arnasa Gara egitasmoa aurkeztuko dute abenduaren 1ean Markina-Xemeinen eta abenduaren 3an, Bermeon.
Modu naturalean euskaraz bizi diren udalerriak dira arnasguneak, euskararen ezagutza zein erabilera % 80 inguruan dituztenak. Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi duenez, azken neurketen arabera, Markina-Xemeinen % 79k daki euskaraz eta erabili % 78k egiten du. Euskaraz bizitzea posible da gaur egun Markina-Xemeinen, eta herritarrei esker hizkuntza garai eta ohitura berrietara egokitzen da.
Hain justu, Markina-Xemein bezalako herriek euskararen normalizazioan duten balioa aitortu nahi du abenduaren 1ean, 18:00etatik aurrera, Esperantza Aretoan aurkeztuko duten ekimenak. Besteak beste, ekimen horren baitan sortu den Kartzela webserieko lehen bi kapituluak proiektatuko dituzte, eta aktoreetako bi ere bertan izango dira. Ostean, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua izango da Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi eta Jone Uria bertsolariekin. Sarrera doan izango da, baina aforoa mugatuta dago.
Herri euskaldunetako herritarrak eta euren bizipenak ezagutarazteko helburuagaz, Kafe Antzokian batuko dira bermeotarrak 18:30ean. Aurkezpena eginda, Kartzela serie digitalaren bi kapitulu proiektatuko dituzte.
Bertsoek ere beteko dituzte plazak eskualdeotan. Izan ere, Busturian, Etxebarrian, Ispasterren, Kortezubin eta Markina-Xemeinen hainbat bertsolari ezagunen bertsoez gozatu ahalko dute herritarrek.
Korrika ere ariko dira busturiarrak eta mendexarrak. Korrika txikia egingo dute Busturiko Axpeko plazan, eta Mendexan ere plazan batuko dira.
Euskaraldia. Euskaraldiaren hurrengo edizioan ere jarriko dute arreta herri askotako eragileek. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea xede izan duen Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioa 2020 urteko udazkenean egingo da, eta abenduaren 3a hasiera puntua izango da herri askotan. Aurkezpenak egin eta motorrak berotzeari ekingo diote egunotan.
Gernika-Lumon, Euskaraldiari hasiera emateko txupina jaurtiko dute abenduaren 3an, eta hurrengo egunetan Euskaraldiaren xehetasun aurkeztuko dituzte zenbait herritan. Abenduaren 6an egingo dute aurkezpena Aulestin, eta hilaren 10ean, Jon Kobeaga eta Oscar Garcia de Bikuña Euskaraldiaren ordezkariak egongo dira Arratzun.
Etorkizunera begira jarriko dira herritarrak. Euskal hiztun eta euskalzaleak aktibatuz eraikitzen ari diren etorkizunera, bertan baitu euskarak etorkizuna.