"Ekosistemaren funtzioaniztasuna eskatzen du jendeak"
Ekosistema zerbitzuen balorazio ekonomikoa aztertzeko, Urdaibaiko biztanleen kudeaketa lehentasunak zehazteko esperimentu bat egin dute. Ikerketa Bizkai, Araba eta Gipuzkoara hedatu nahi dutela dio Castillok.
EHUko Landareen Biologia eta Eskologia Saileko ikerlaria da Nekane Castillo Eguskitza (Bilbo, 1988). Urdaibaiko ekosistema zerbitzuen balorazio ekonomikoa egin dute, eta, horretarako, bertako biztanleen kudeaketa lehentasunak aztertu dituzte. David Hoyos Sarrikoko unibertsitateko ingurumen ekonomialariarekin egin du bere tesiko lan hau, kontserbatzio eta kudeaketa politikak ezartzeko baliagarria izateko helburuarekin. Herritarrek ekosistemen egoera osasuntsua edo paisaiaren funtzioaniztasuna eta iraunkortasuna bilatzen dutela ondorioztatu dute.
Urdaibaiko biztanleen kudeaketa lehentasunak zehazteko esperimentu bat egin duzue. Nondik sortu zen ikerketa egitea?
Ez da inoren enkargua izan. Nire tesiaren kapitulu bat izan da, eta David Hoyos Sarrikoko unibertsitateko ingurumen ekonomialarirekin batera egindakoa da.
Urdaibai izan da zuen ikerketa eremua, baina zer da zehazki egin duzuena?
Urdaibaiko jendeari hainbat kudeaketa agertoki aurkeztu dizkiogu, eta jendeak horien artean bata edo bestea aukeratu behar zuen. Hau da, biztanleriaren lehentasunak ikertu ditugu. Ikertutako beste atributu bat kostua zen. Bertoko jendeak kudeaketa-eszenatoki batetik bestera pasatzeko daukan ordaintzeko borondatea aztertu dugu. Ekosistema zerbitzuen balorazio ekonomikoa izan da ikerketa. Baloratzeak erabakiak hartzearekin dauka zerikusia. Erabakiak hartzerakoan zeri garrantzia eman edota zer lehenetsi jakiteko balio du egindako esperimentuak.
“Giza ongizatea hobetu edota erdiesteko eta gatazkak txikiagotzeko helburua izan dugu”
Zein da ikerketaren helburua?
Batez ere kontserbazio eta kudeaketa politikak informatzeko baliagarria izatea bilatzen genuen. Nolabait giza ongizatea hobetu edota erdiesteko eta gatazkak txikiagotzeko helburua izan dugu.
Zeintzuk dira herritarrei planteatutako kudeaketa agertokiak?
Kudeaketa agertoki desberdin horiek bost atribututan oinarritu genituen: ur masen kalitatea, nekazaritza ekologikoa handitzea, pinudi landaketak ordezkatuz bertoko basoa handitzea, biodibertsitatea eta aisia. Horietan, adierazle bezala hainbat alor proposatu genituen. Adibidez, aisia neurtzeko bideen eta aisialdi eremuen kontserbazio maila erabili genuen eta biodibertsitatea neurtzeko proposatu genuen arriskuan dauden espezieen gestio planak handitzea. Kudeaketa agertoki hauek beti proposatu dira hobera egiteko. Guk neurtzen duguna, bertoko jendearen giza ongizatearen aldaketa kudeaketa agertoki batetik bestera pasatzeko da, eta betiere hobera egiteko.
Zein lagin hartu duzue ikerketa gauzatzeko? Eta adinaren arabera, erantzunetan aldeak ikusi al dituzue?
Berrehun bat herritar aukeratu genituen, udalerri guztietako gizon-emakumeak eta adin tarte ezberdinetakoak. Udalerrien arteko desberdintasunak ez genituen aztertu, baina ikusi genuen adinak eragina bazeukala.
Zertan egon da desberdintasun handiena?
Gero eta nagusiago izanda, kudeaketa plan bat bultzatzeko borondatea edo jarrera ez dela horrenbestekoa ikusi dugu; gazteek gehiago bultzatzen dute. Berrehundik gora inkesta egin genituen eta horien artean, noski, ordaintzeko prest ez zeudenak ere bazeuden; guk protesta erantzunak deritzegu. Kudeaketa batetik bestera pasatzeagaz ados daude, hobera egiteko, baina ordaintzeagaz ez datoz bat. Ingurumena beraien eskubidea dela eta ez dutela zertan horregatik ordaindu behar eta zerga gehiegi ordaintzen dituztela bezalako erantzunak jaso genituen.
“Kontserbazioaren eta garapen iraunkorraren arteko harreman ona bilatzeko egin dugu ikerketa”
Halako erantzunak asko izan al dira?
%25 inguru izan ziren protesta erantzunak, eta beti egiten den moduan, horiek baztertu genituen ikerketatik; gainontzeko erantzunekin atera genituen batezbesteko datuak. Datu normala da; beste ikerketa lanetan ere antzeko kopurua izaten da.
Biztanleen lehentasunen eta kudekaketa politiken arteko balorazio ekonomiko orekatua nola lortu daiteke?
Gure xedea ez da ordaintzea edo ez. Baina bai politikak ezartzeko baliogarria izatea. Hau da, zer edo zer egin nahi bada, jendearen lehentasunak ezagutzea da helburua, hau edo bestea nahi duen. Inbertsioak bideratzeko orduan edo konpentsazio neurriak ezartzeko erreferentzia bat edukitzea. Guk argi daukagu gutxi batzuk honen kontra egongo direla. Adibidez, jendeak nahiago du bertoko basoa izatea eta pinudiak kentzea. Jabeak ez dira ados egongo, baina, agian, konpentsazio neurri batzuekin nolabaiteko elkar ulertzea lortu ahal da. Berez, Urdaibai biosfera erreserba izanda, hori da honen helburua: kontserbazioaren eta garapen iraunkorraren arteko harreman ona edukitzea. Bide horretatik, gatazkak txikiagotzeko edota kudeaketa politikak ezartzeko baliogarria izateko xedea eduki dugu.
Hori da azpimarratu duzuen gauzetako bat, zuek ez diozuela ezeri preziorik jartzen.
Bai, desberdindu egin behar da. Prezio hitza guztiz debekatuta dago; guk ez dugu prezio bat jartzen baizik eta balio bat. Giza ongizatearen aldaketa neurtzen dugu. Egia da neurketa hori balio monetarioekin egiten dela, baina ez dugu prezio bat jartzen. Hau bakarrik da gizarteak zerbitzu ekosistema hauei ematen dien balioa ikertzeko.
Zuek ikertutakoaren arabera, ze hutsune daude Urdaibain? Zeintzuk dira atera dituzuen ondorio nagusiak?
Emaitzek erakusten dute bertoko biztanleriak ekosistemen egoera osasuntsua edo paisaia multifuntzionala eta iraunkortasuna bilatzen duela. Izan ere, ikertu genituen atributu horien guztien artean, gehien baloratu zutena ur masen kalitatea izan da—ibaien kalitate ekologiko eta kimikoa—; eta ez bakarrik urarena, baizik eta baita ingurukoa ere. Bigarren baloratuena nekazaritza ekologikoa handitzea izan da; eta, jarraian, bertoko basoen babesa eta biodibertsitatea handitzea. Gutxien baloratutakoa, berriz, bideen eta aisialdi guneen mantentzea da. Beraz, nolabait ikusi dugu jendeak ekosistemaren funtzioaniztasuna eta egoera osasuntsua eskatzen duela.
Tesiaren barruko ikerketa izan da. Baina, jarraipena emateko asmorik badaukazue?
Gaur gaurkoz nahiko geldi dago dena. Baina, ikerketa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara zabaltzea da asmoa, eta horretarako inkesta hau bera online bidali dugu dagoeneko. Momentuz erantzun gutxi dauzkagu; 100 bat bakarrik, eta horrekin ezin dugu ezer egin.