Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko konpromisoa erakutsi dute busturiarrek
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunaren ekitaldien barruan, manifestua irakurri eta minutu bateko isilunea egin dute eguerdian, Altamirako plazan.
Emakumeenganako indarkeriaren egitura-izaera nabarmenu dute gaur, Busturian. Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunaren bezperan, Altamirako plazan elkartu dira herritarrak, eguerdian. Udalak deituta, adierazpen instituzionala irakurri eta minutu bateko isilunea egin dute.
Emakumeen aurkako indarkeriarekik gabeko gizartea eraikitzeko konpromisoa agertu dute. Horrez gain, prebentzioan, arretan, hautematean, babesean, koordinazioan eta justizia arloan ekintzak proposatzea beharrezkoa dela esan dute, “arreta berezia jarrita biktimei eta bizirik atera direnei erreparazioa ematean”. Ahalduntze prozesua bultzatzearen garrantzia aitatu dute, “indarkeria egoerari aurre egiteko gaitasuna eta autonomia indartu dezaten”.
Tokiko gobernuek biktimei arreta eskaintzeko aitortuta daukaten erantzukizuna eta eskumena beregain hartzen dutela esan dute udal ordezkariek: “Politikarien eta teknikarien bultzada koordinatuarekin, tokiko erakundeen esku-hartzea funtsezkoa da erreparatzeko prozesuan, komunitateko bizitza berresartzen laguntzeko eta biktimei erreparazio publiko eta soziala emateko”.
Berdinsarea osatzen duten udaletako berdintasun teknikarien lana oinarrizkoa eta balio handikoa dela azpimarratu dute. Berdintasunaren aldeko eta emakumeekiko indarkeriaren aurkako Euskadiko udalen sareak, ekintzetarako orientazioa eta irizpideak eskaintzen dizkie udalei. “Indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako tokiko ekintzen gida bat prestatzeko lanean ari gara, tokiko erakundeek indarkeria matxistaren biktimek ordaina jasotzeko duten eskubidea praktikan jarri eta zehaztu ahal izan dezaten, udal eskumenaren barruan”.
Tokiko gobernuek konpromiso politikoak betetzeko eta horrela indarkeria matxistaren “modu guztiak desagerrarazten” laguntzeko dituzten bideak zerrendatu dituzte. Langile espezializatu eta kualifikatuekin, erreparazioaren ikusmoldetik eta ikuspegi feministarekin jardutea ezinbestekoa dela adierazi dute. Eta gaineratu dute erreparaziorako eta ahalduntzeko esku-hartze prozesuetan, kudeaketa eta azkartasuna bermatzeko lan egin behar dela. “Talde feministekin eta tokiko emakumeen elkarteekin modu estuan lankidetzan arituta, berdintasun politikak eta ekintzak diseinatu behar ditugu. Erakunde guztiekin koordinatuz, biktimen egoera erabat lehengoratzea eta urratutako eskubideak berrezartzea bermatu behar diegu”.