Bakailao txapelketagaz hasi dituzte Santa Katalina jaiak mundakarrek
14 kazola aurkeztu dituzte lehiaketara, eta txapelketan parte hartu duen emakume bikote bakarrarentzat izan da txapela. Emakume guztiei eskaini diete garaipena.
Kotok eta Karmenek irabazi dute Mundakako Santa Katalina jaietako 35. Bakailao Txapelketa, eta garaipena “emakume guztiena dela” esan dute, pozarren. Iaz azken aurreko sailkatu ziren eta aurten euren zortzigarren zenbakidun bakailao kazola izan da epaimahairen ustez onena. Txapelketara aurkeztu den emakumezko bikote bakarra izan da, eta antolatzaileek emakume guztiei datorren urtean parte hartzeko deia luzatu diete. Mikel Bilbao Ruiz alkateak jantzi die txapela, udaletxeko arkupean bilduta zeudenen txalo zaparrada artean. Irabazleek esan dutenez, irabaztearen sekretua “bakailaoa patxadaz prestatzea” izan da.
Txapelketa gastronomikoetan esperientzia asko daukaten bi epaimahaikidek probatu dituzte txapelketara aurkeztutako hamalau kazolak. Jose Antonio Bastegieta Marko kortezubitarra eta Kepa Freire Bizkaiko hainbat herritan halako txapelketetan urte asko daramatzaten epaileak dira, eta euren berbetan, “maila altua” egon da gaur, Mundakan: “45 bat urte daramatzagu honetan, eta Mundakan ere askotan egon gara”. Parte hartzaile guztiek jaso dituzte sariak.
Euriak eta haize zakarrak ez du jai giroa zapuztu. Udaletxeko arkupearen babesean aritu dira mundakarrak kazolak prestatzen. Euren alboan egon dira Mundakako Arraun Elkarteko kideak, bazkide txartelak banatzen eta kamisetak, poltsak eta loteria saltzen. Izan ere, furgoneta erosteko dirua biltzeko kanpaina egiten ari dira: “Gaur hasi dugu kanpaina eta behar dugun dirua batu arte ekintzak egingo ditugu. Laguntzen digutenei euren borondatea eskertzeko, furgonetan euren izenak jarriko ditugu”.
Eguraldiak lagundu ez arren, “ohiko parte hartzea” egon dela zehaztu dute antolatzaileek: “Normalean 15-20 kazola artean edukitzen ditugu. Txoko bat falta izan da aurten, baina urteroko gainontzeko parte hartzaileek ez dute hutsik egin”.
Bestalde, emakumeenganako indarkeriaren kontrako aldarrikapena ere luzatu dute goizean: “Emakumeenganako erasoen kontra beti agertu behar dugu”.
Herri kirolak eta musika. Arratsaldeko ekintzetara hurreratzeko gonbidapena luzatu dute bozgorailutik. 18:00etatik aurrera, Euskadiko lasto-jasotze txapelketa jokatuko dute Islakale kiroldegian. “Suhiltzaileak teilatuan lanean dabiltzala-eta, txapelketa lehiatzeko arriskua dagoenaren zurrumurrua zabaldu da goizean. Baina, txapelketa aurreikusitako moduan egongo da eta denon segurtasuna bermatuta dago”, adierazi dute udal ordezkariek.
Andoni Elizondo, Jon Loiola, Joseba Legarreta, Bingen Erleaga eta Jose Martin Bustinzak 45 kiloko lasto fardo bat ahalik eta gehienetan altxatu beharko dute, 7 metroko altuerara, 2 minututan. Horiek lana amaitutakoan, Esti Cidadek, Ruth Linazak eta Garbiñe Lopez de Uraldek erakustaldia egingo dute: bakoitzak 30 kiloko lasto fardo bat ahalik eta gehienetan altxatu beharko du, 5 metroko altuerara, minutu batean.
Iluntze eta gau partean, berriz, herrigunea musikatuko dute. Txilipetxeruek elkartearen eskutik, elektro txarangaren doinuek hartuko dituzte kaleak, eta 21:30etik 00:30era, Xaiborren musikagaz dantzatzeko aukera edukiko dute plazan.
Udaletik babesleen laguntza eskertu dute, “eurak barik ezinezkoa litzatekeelako Santa Katalina jaiak antolatzea”.
Bihar:
- 20:00. Txistulariak Santa Katalina plazatxotik hasita, Islakale eta herriko kaleetatik.
Etzi, Santa Katalina eguna:
- 11:00. Txistulariak Santa Katalina plazatxotik, herriko plazara.
- 11:40. Udalbatzaren eta herritarren kalejira plazatik Santa Katalina baselizara, txistulariekin.
- 11:30. Umeentzako jolasak Santa Katalina plazatxoan, Egunsenti dantza taldeak antolatuta.
- 12:00. Meza Magusia Santa Katalina baselizan.
- Ondoren. Ohorezko aurreskua, Santa Katalina plazatxoan eta salda beroa eta sardinada.
- 17:00-18:30. Xaibor, herriko umeentzat, plazan.