Australian bizitakoak gogoratzeko eguna
Euskal Australiar Alkarteko kideak eta Nafarroako, Kantabriako, Asturiaseko eta Madrilgo lagunak senidetasun bazkarian batu dira gaur, Gernika-Lumon.
Sorterria utzi, eta kanaberak batzen aritu ziren euskal herritar asko eta asko Australian. Zeregin horretan trebatu ziren eta ofizioak asko eman zien. “Kainabatzaileekin batera, oso baldintza gogorretan, makina bat lan egin zuten gure arrebek, amek eta andrek”, gogora ekarri du Euskal Australiar Alkarteko Loren Arkotxa ondarrutarrak.
Euskal Herriko eta Australiako kulturen arteko harremana sendotzeko eta Australiara lanera joan ziren euskaldunen lanari buruzko informazioa ezagutarazteko eta zabaltzeko helburuekin sortu zuten iaz Euskal Australiar Alkartea, eta iaz egin modura, Gernika-Lumoko Zimela jatetxean batu dira bazkaltzeko. Australian egondako euskal herritarrekin eta euren senitartekoekin batera, Kantabriatik, Asturiasetik eta Madriletik etorritakoak ere elkartu dira senidetasun bazkarian.
Gernika-Lumoko udal ordezkariak ere gonbidatu dituzte eurekin bazkaltzera. Jose Maria Gorroño alkateak gonbidapenagatik eskerrak eman dizkie, eta arbasoek egindako lana goraipatu du: “Ameriketara, itsasora edota Australiara lanean joandakoek esfortsu itzela egin zuten guk bizimodu hobea edukitzeko. Egunerokotasunean agian ez gara ohartzen, baina hemen daukagun aberastasuna zor diegu. Eurei esker hezi gara eta herri honi ekarpena egin ahal izan diogu”.
200 bat pertsonak bete dute jatetxea, giro ederrean. Arkotxaren berbetan, “urte betean gauza batzuk” egin dituzte, eta aurrerantzean ere hainbat ekintza egiteko gogoz daude.
Garai batean Australiara lanean joandakoen familiek (seme-alabak, ilobak, emazteak, gizonak…) eta diasporan adituak direnek osatzen dute elkartea. Euskaldunek Australian egin zuten lanari buruz informazio asko falta dela deritzote, eta lan hori ezagutara emateko liburuak argitaratu edota argazki bildumak egiteko asmoa daukate: “Australian gure enbaxadore izandakoek egindako lana ezin dugu ahaztu, ezagutzera eman behar dugu. Memoria historiko hori ezin dugu galdu. Eurek egindako lana eta han sortutako izen ona balioan jarri behar ditugu, bai eta euskal kultura, identitatea eta baloreak zabaltzeko eurek eginiko lana ere, asko zor diegulako”.
Amaia Urberuaga elkarteko presidenteak eskerrak eman dizkie bertan bildutakoei, batez ere, Asociación Navarra Boomerang Australia Elkartetik, Kantabriatik, Asturiasetik eta Madriletik Gernika-Lumora etorritakoei.
Horrez gain, gaur alboan falta izan dituztenak ere gogora ekarri ditu: “Julian Iantzi da guzti honen alma materra, berari esker sortu genuen elkartea”. Aurkezle nafarra El conquistador del fin del mundo telebista saioa grabatzen ari da, baina datorren urtean ez duela hutsik egingo esan du Urberuagak. Australiako enbaxadorea aurtengo gonbidatu berezia izan da, baina ezin izan du etorri eta hark bidalitako idatzia irakurri du elkartearen presindeteak. “Enbaxadorea den lehen emakume indigena da. Gaur gurekin egoteko ilusioz egon da, baina ezin izan du, eta datorren urtean hemen egotea espero duela esan digu”, azaldu du Urberuagak.
Bazkalostean kontu kontari aritzeaz gain, Lau teilatu abestu dute, haurren minbiziaren ikerketarako dirua biltzea helburu duen aurtengo EITBren elkartasun maratoiagaz bat eginik.
Egunak emandakoagaz pozik, datorren urtean ere Gernika-Lumon batzeko asmoa daukatela esan dute.