Umeen balioei ahotsa eman diete hirugarren urtez jarraian
Unicefen eskutik, 'Eman ahotsa zeure balioei' programaren barruan, Pleno Txiki egin dute gaur Gernika-Lumoko Batzarretxean. Parte hartzeko eskubideari buruzko adierazpena irakurri dute Bizkaiko lau ikastetxetako ikasleek.
Azaroaren 20a Haurren Nazioarteko Eguna da eta aurten, gainera, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 30. urteurrena bete da. Testuinguru horretan, Gernika-Lumoko Batzarretxeak Pleno Txiki hartu du aurten.
Hirugarren urtez jarraian, eta Unicefen eskutik, Eman ahotsa zeure balioei programaren barruan egin dute ekitaldia. Bizkaiko hezkuntza zentro guztien ordezkari legez egon dira bertan Ermuko San Pelayo, Leioako Askartza Claret eta Betiko Ikastola eta Portugaleteko Nuestro SeƱora del Carmen ikastetxeetako ikasleak. Horiek aipatu programaren barruan euren zentroetan landu dituzten proiektuak azaldu dituzte. Besteak beste, matxismoagaz eta biolentziagaz amaitzeko eta pertsonak, ingurumena zein planeta errespetatzeko aldarria zabaldu dute gaur.
Askatasunez akordioetara heldu, eta parte hartzeko eskubidea aldarrikatu dute. Aldarrikapen hori islatzen duen adierazpena irakurri dute: “Gure ahotsa entzutea, errespetatzea eta kontuan hartzea gura dugu, esan behar dugunari garrantzia kendu barik, gure adina, jatorria edo identitate bat edo beste izan arren. Badakigu munduko leku askotan ez direla Giza Eskubide guztiak errespetatzen eta mundua, pertsona eta eskubide guztiak errespetatuko diren lekua bilakatzeko borrokatu gura dugu”.
Eserlekuetatik adi jarraitu dute euren saioa Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeko talde guztietako ordezkariek. Osokoaren buru egon dira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Isidro Elezgarai UNICEFeko Euskal Herriko batzordeburua eta lau ikastetxeetako ordezkari bana. Horiek guztiek eta ikastetxeetako bozeramaile jardun dutenek, aurretik irakurritako adierazpena sinatu dute.
Umeek balioak eta jarrerak eurenganatzea eta parte hartzeko eskubideaz baliatuta, parte hartzearen garrantziaz eta Bizkaiko Lurralde Historikoan gizarteak daukan egoeraz hausnartzea da Pleno Txikiaren helburua. “Gaur zuek zarete hemen entzungo den ahotsa. Gaur Bizkaiko Parlamentua zarete. Gogoratu gura dizuet parte hartzea oinarrizko eskubidea dela; berari esker adierazten dugu askatasunez gure iritzia, inguruan ditugun eta eragiten gaituzten gai guztietan. Eta haurren eskubideen oinarrizko printzipioetako bat da”, adierazi du Otaduik.
UNICEFeko ordezkariak, berriz, ikesleei euren ahotsa entzunarazteko eta ekiteko eskatu die, “gizarte garapena lortzeko oinarrizko ardatza direlako”. Orain dela 30 urte munduko agintariek mundu osoko umeekin konpromiso historiko bat hartu zutela gogora ekarri du, eta gaur egun, umeen eta nerabeen eskubideak ez direla aldatu, “ez daukatela iraungitze datarik”.
Horrez gain, umeek nagusien modura, eskubideez gain betebeharrak ere badauzkatela esan die. Errespetua edukitzea eta besteak errespetuz tratatzea betebehar nagusiena dela nabarmendu du, “desberdinen arteko errespetua eta ingurumenarekiko errespetua”. Bertan bilduta zeuden politikariei gogoratu die eurak direla eredua eta “konfrontazioak alde batera utzita”, errespetua erakutsi behar dutela. Halaber, ikastea ere euren betebeharra dela zehaztu die ikastetxeetako ume eta nerabeee: “Etorkizuneko profesionalak izateko ikastea ezinbesteko duzue. Pertsona onak izateko formakuntza jasotzen dugu”. Bestalde, erakundeak dituen 200.000 boluntarioek egunero egiten duen lana azpimarratu du Elezgaraik.