Indarkeriaren aurkako aldarria
Urtero azaroaren 25ean egin ohi den bezala, herritarrak kalera aterako dira Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, jendartean errotuta dagoen arazo hori salatu, eta indarkeria matxista desagertzea aldarrikatzeko
Genero desberdintasuna, matxismoa eta indarkeria matxistagatik arduratuta daude ume eta gazteak. Hala erakutsi du Unicefek aurkeztu berri duen ume eta nerabeen iritzien barometroak.
Gehien arduratzen dituzten gizarte gaietatik galdetuta eman dute erantzun hori. Hiru gai horiengatik agertu duten ardura, gainera, “handia” dela azaldu du Unicefek; galdetutakoen %89ak agertu du genero desberdintasuna, matxismoa eta indarkeria matxistaren inguruko kezka. 11 eta 18 urte bitartean daukaten Espainiako estatuko 8.500 ume eta gazteren iritziak batzen ditu, hain zuzen ere, Unicefen barometroak.
Ume eta gazteak ez ezik, gizartea bere osotasunean kezkatuta dago. Planak, proiektuak eta egitasmoak gero eta ugariagoak dira, baina arazoak hor jarraitzen du. Horregatik, urtero azaroaren 25ean egin ohi den bezala, herritarrak kalera aterako dira Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, jendartean errotuta dagoen arazo hori salatu, eta indarkeria matxista desagertzea aldarrikatzeko.
Kanpainak. Era berean, Indarkeria Sexistaren Kontrako egunaren harira, erakunde publikoek adierazpen instituzionalak onartu eta sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bultzatzen dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiak, esaterako, gizonek emakumeekiko daukaten jarreran eta jokabidean eragin gura duen kanpaina abiarazi du, eta asteon aurkeztu dute.
Kanpainaren leloa honakoa da aurten: Tipo apartak nahi ditugu. “Tipo apartak errespetatzen, baloratzen eta babesten duten gizonak direlako, partekatzen eta aintzatesten dutenak eta, aldi berean, kontrolatzen ez dutenak, umiliatzen, iraintzen, erasotzen eta hiltzen ez dutenak”, esan du Teresa Laespada enplegua, gizarte inklusioa eta berdintasuna sustatzeko diputatuak.
Era berean, tipo apartak dira “berdintasuna babesten dutenak, maila guztietan indarkeria matxistaren aurka daudenak, heroi erromantikoak ez direnak baina ezta sexu-harrapakariak ere, berdintasunezko afektibitatea eta sexualitatea garatzen dutenak, inguruko pertsonak zaintzen dituztenak, etxeko eta familiako esparruan parte hartzen dutenak, samurtasuna eman eta jasotzeko gai direnak, beren pribilegio matxistei uko egiten dietenak, ospe eta botere guneak partekatzen dituztenak berdintasun baldintzetan, eta tipo apartak direnak azaroaren 25ean eta urteko gainerako egunetan”.
Aldundiko zein udaletako bulegoen, komunikabideen eta garraio publikoen bidez zabaldu dute kanpaina. Era berean, kanpainak ikusgarritasuna izango du goi mailako kirol lehiaketetan ere: Lointek Gernika, Athletic Club, Bilbao Basket, Zuazo Eskubaloia, Lutxana Arraun Taldea eta Bidaideak Bilbao BSR taldeek lagunduko dute horretan.
Adierazpen instituzionalak. Herri gehienetako udaletan adierazpen instituzionala onartu dute, eta horietako askotan herritarren aurrean irakurriko dute, ekitaldi ezberdinetan.
Eusko Jarlaritzak ere, martitzenean egindako gobernu bileran onartu zuen adierazpena: “Eusko Jaurlaritzak indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurrean gaitzespen irmoa adierazten du, bai eta emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte berdinzalea eraikitzearekin duen konpromisoa ere”.
Berretsi egin dute, bestalde, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean eta 2030eko Garapen Jasangarrirako Agendaren 5. helburuan jaso den erronka handi horri erantzun egokia emateko etengabeko hobekuntzarekin duten konpromisoa. Konpromiso hori berdintasunerako euskal legea aldatzeko proposamen berrian islatzen saiatuko da, berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeriaren amaiera finkatzeko.
Egunero emakumeen aurkako indarkeriari erantzuteko zenbait eremutatik lan egiten duten profesionalen lana aitortu gura izan dute. Aldi berean, egoera horietan dauden emakume guztiei laguntza eta elkartasun mezua helarazten die.
Era berean, herritarrak animatu ditu egunero jarrera aktiboa eta emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko jarrera erakustera, eta, horretarako, eguneroko konpromisoak hartzera eta azaroaren 25erako herri eta hirietan deitu diren mobilizazioetan parte hartzera.
Bizkaiko Batzar Nagusiek, bestalde, biktimei arreta eskaintzeko arloan aitortutako erantzukizuna eta eskumena euren gain hartu dute, eta politikarien eta teknikarien bultzada koordinatuaren alde agertu dira, erreparazio prozesuan esku-hartze espezializatua lortzeko: “Hori funtsezkoa da komunitateko bizitza berrezartzen laguntzeko eta biktimei erreparazio publiko eta soziala emateko, indarkeria matxistaren biktimen eta bertatik bizirik atera direnen pertsonen inguru hurbilenean”.
Ekintza ugari aukeran. Herritarrak, berriz, kalera aterako dira egunotan, herrietan antolatu diren ekintza ezberdinetan parte hartzera. Denetan indarkeria matxistaren salaketa ozen eta argia egingo dute.
Elkarretaratzeak, film emanaldiak, hitzaldiak, erakusketak, musika jardunaldiak eta beste egongo dira aukeran Busturialdeko herrietan.
EGITARAUA HERRIZ HERRI:
BERMEO
Azaroak 25, astelehena
- 12:00. Lameran, elkarretaratzea eta hainbat ekintza. Adierazpena ere irakurriko dute.
Azaroak 27, eguaztena
- 18:30. Erroxapeko lokalean, Microfisica sexista del poder: El caso Alcasser y la construccion del terror sexual hitzaldia, Nerea Barloja Ramos politologo, ikertzaile, idazle eta ekintzaile feministaren eskutik.
Azaroak 28, eguena
- 18:3o. Erroxapeko lokalean, Volar dokumentalaren proiekzioa.
- Ondoren. Emakumeak jasotzen dugun indarkeria aurpegi gizarte maila ezberdinak ditu hitzaldia, Bertha Gaztelumendi informazio zientziaren graduatua eta Volar dokumentalaren zuzendariaren eskutik.
BUSTURIA
Azaroak 23, zapatua
- 19:00. Antzerkia kultur etxean: En espera, Nagore Gonzalez eta Yolanda Martinez aktoreekin. Sarrera 3 euro.
Azaroak 24, domeka
13:00. Altamira auzoko plazan, emakumeen aldeko manifestua irakurriko dute eta minutu bateko isilunea egingo dute emakumeen omenez
EA
Azaroak 25, astelehena
- 19:00. Elkarretaratzea, plazan.
Azaroak 30, zapatua
- 19:00. Bakean dagoena bakean utzi antzezlana, Eskolondon.
FORUA
Azaroak 24, domeka
- 13:00. Musika emanaldia Tourseko San Martin elizan.
GERNIKA-LUMO
Azaroak 23, zapatua
- 19:00. Volar filma Lizeoan.
- Ondoren. Volar filmari buruzko berbaldia.
Azaroak 25, astelehena
- Goizean. Hezkuntza zentroetan mobilizazioak.
- 19:00. Gernikako Sare Feministak deituta, elkarretaratzea Merkurion.
Azaroak 26, martitzena
- 11:30. Gernikako Institutuan Batxiler 1eko ikasleentzat, hitzaldia: Gure arteko merkantilizazioa.
Azaroaren 26tik 29ra
- Kultur etxean, erakusketa: LGTBI pertsonen Giza Eskubidea munduan: homofobiaren eta berdintasunaren aurkako ekimenak.
Azaroak 27, eguaztena
- 11:30. – 11:30. Gernikako Institutuan Batxiler 2ko ikasleentzat, hitzaldia: Gure arteko merkantilizazioa.
Azaroak 28, eguena
- 11:30. Beldur Barik herriko lehiaketaren sari banaketa.
- 17:00. Hitzaldia Astran: Klase feminismoaren oinarriak.
Azaroak 29, barikua
- 11:00. Hamaiketakoa Gernikako Institutuan.
- 18:00. Basque Team hitzaldia, Elai Alai aretoan.
Azaroak 30, zapatua
- 10:00-14:00. Maria Agirre aretoan, autodefentsa feminista tailerra Ainhoa Al Rifaieren eskutik.
IBARRANGELU
Azaroak 25, astelehena
- 19:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean.
MUXIKA
Azaroak 23, zapatua
- 20:00. Ibarruriko saloian, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua. Bertsolariak: Oihana Iguaran, Uxue Alberdi eta Onintza Enbeita. Jai jartzailea: Maite Berriozabal. Musikariak: Gari Otamendi eta Antton Aranburu.
Azaroak 25, astelehena
- 20:00. Elkarretaratzea, Kurtzeron.