Santa Katalina jaiak ospatuko dituzte Mundakan
Jai eguna astelehena bada ere, mundakarrek asteburua izango dute aurretik giroa berotzen joateko.
Santa Zeziliaren lekukoa hartuta datoz Santa Katalina jaiak Mundakara. Jai eguna astelehena bada ere, mundakarrek asteburua izango dute aurretik giroa berotzen joateko.
Mundakarrek, pil-pil erako bakailao txapelketagaz hasiko dituzte zapatuan Santa Katalina jaiak. Arratsaldean, berriz, Euskadiko lasto-jasotze txapelketa lehiatuko da Islakale kiroldegian. Andoni Elizondo, Jon Loiola, Joseba Legarreta, Bingen Erleaga eta Jose Martin Bustinzak 45 kiloko lasto fardo bat ahalik eta gehienetan altxatu beharko dute, 7 metroko altuerara, 2 minututan.
Ondoren, Esti Cidad, Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Uralderen erakustaldia egongo da. Kirolari bakoitzak 30 kiloko lasto fardo bat ahalik eta gehienetan altxatu beharko du, 5 metroko altuerara, minutu batean.
Astelehena, berriz, protokolo eguna dute Mundakan. Udalbatza Santa Katalina baselizan batuko da, urtero legez.
Musikarik ere ez da faltako Santa Katalina jaietan; txistulariak, elektrotxaranga eta Xaiborregaz diskofesta egongo dira aukeran.
Zapatua.
– 10:00. Pil-pil erako bakailao txapelketaren hasiera udaletxeko arkupean.
– 11:30etik aurrera, txistulariak plazan hasi eta herriko kaleetatik.
– 13:00. Bakailao kazolen aurkezpena.
– 13:30-13:45. Bakailao txapelketaren sari banaketa ekitaldia.
– 18:00. Euskadiko lasto-jasotze txapelketa, Islakale kiroldegian.
– 19:30-21:30. Elektro txaranga kalez kale, txilipetxeruek elkarteak antolatuta.
– 21:30-00:30. Xaibor, plazan.
Domeka.
– 20:00. Txistulariak Santa Katalina plazatxotik hasita, Islakale eta herriko kaleetatik.
Astelehena.
– 11:00. Txistulariak Santa Katalina plazatxotik, herriko plazara.
– 11:40. Udalbatzaren eta herritarren kalejira plazatik Santa Katalina baselizara, txistulariekin.
– 11:30. Umeentzako jolasak Santa Katalina plazatxoan, Egunsenti dantza taldeak antolatuta.
– 12:00. Meza Magusia Santa Katalina baselizan.
– Ondoren, ohorezko aurreskua, Santa Katalina plazatxoan eta salda beroa eta sardinada.
– 17:00-18:30. Xaibor, herriko umeentzat, plazan.