Giza Proben Bizkaiko Txapelketa jokatuko dute Nabarnizen, domekan
Harri handia eta Harri txikia kategorietako aurtengo Bizkaiko txapeldunak erabakiko dira Nabarnizko probalekuan. Besteak beste, Santi Zubizarreta nabarniztarra eta Eneko Bilbao kortezubitarra lehiatuko dira.
Giza Proben Bizkaiko Txapelketaren finala hartuko du beste urte batez Nabarnizek. Uztailaren 25ean Kortezubin egin zuten lehenengo jardunaldia eta urriaren 26an Getxon jokatu zuten bigarrena, eta domeka honetan [ azaroak 24], 18:00etan hasita, Nabarnizko probalekuan lehiatuko dute finala.
Harri handia eta Harri txikia kategorietako aurtengo Bizkaiko txapeldunak erabakiko dira bertan. Horiek txapelak eta dominak eskuratuko dituzte eta bi kategorietako bigarren eta hirugarren sailkatuek dominak jasoko dituzte.
Harri handian (800 kg), Santi Zubizarreta nabarniztarra, Eneko Bilbao kortezubitarra, eta Gorka eta Aitor De la Concepción anaiak ariko dira zein baino zein gehiago. Zubizarreta da faboritoetako bat (Getxoko kanporaketan nagusitu zen), eta etxeko probalaria irabazteko gogotsu dago: “Norberaren herrian finala izanda, polita litzateke irabaztea eta txapela janztea”.
Harri txikian (600 kg) ez da eskualdeko ordezkaririk egongo; Gotzon Abasolo, Beñat Amade, Jon Ormaza eta Unai Ardeo lehiatuko dira txapelaren bila. Amade eta Abasolo dira txapela lortzeko hautagai nagusiak.