Aritz Abaroa: «Ahalegin berezia egin dugu kale eta gune publikoen garbiketetan»
Bermeoko udal gobernuaren lehenengo 150 egunen balorazioa egiteko agerraldia egin du Bermeoko alkateak. 2020rako aurrekontua datorren hilabetean onartu gurako lukete
Hauteskunde kanpainan behin eta berriro esan zuten jeltzaleek herriko kaleen garbitasunari lehentasuna emateko asmoa zeukatela, eta hala egin dutela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak udal gobernuaren lehenengo 150 egunen balorazioa egiteko eman duen prentsaurrekoan. Kale eta leku publikoen garbiketetan “ahalegin berezia” egin dutela dio.
Presiozko garbiketak egiteaz gain, hidrogarbigailu bat ekarri, eta herriko hainbat gunetan garbiketa bereziak egin dituzte: “Nabarmena da hobekuntzak lortu direla”. Datozen lau urteetan, modu antolatu batean garbiketa berezi horiekin jarraitzeko asmoa daukate, “garbiketa sisteman barneratuta”. Bestalde, garbitasun integralaren ekintza plan bat egitea eskatu dute, “nola eta non hobetu daitekeen jakiteko”. Era berean, herriko edukiontziak berrizteko kontratua izapidetzen ari dira.
Baina herria garbi mantendu aldera, “kontzientziazioa landu” beharra dagoela uste du Abaroak; eta horretarako, enplegu planaren bidez, kontzientzia sortzailearen figura lantzeko bi pertsona kontratatuko dituzte, “herria denen etxea delako”.
Argi puntu berriak auzoetan. Argitasun aldetik, argi gutxi daukaten herriko guneak identifikatzen ari dira. Hasteko, Arane eta San Migel auzoetan argi puntu berriak jartzeko kontratua esleituta daukatela esan du.
Segurtasunak bizi kalitatean eragin zuzena daukala iritzita, epe laburrean kiroldegian larrialdietarako eskailera egingo dutela jakinarazi du: “Hainbat urtetan eskatzen ibili garen proiektua da, erabiltzaileen segurtasuna ez dagoelako bermatuta”. Beste alde batetik, suteen aurrean prebentzioko neurriak hartzeko, etxeetan su detektagailuak jartzeko egitasmoagaz aurrera egingo dute. 500 su detektagailu jarriko dituzte, eta Alde Zaharrean bakarrik bizi diren adinekoek edukiko dute lehentasuna.
Gurutze Gorriagaz sinatu duten lankidetza hitzarmena ere aipatu du Abaroak.
Lanak hasteko, Zarragoitxin. Bermeoko loturak hobetzeko neurriak hartzea “beharrezkoa” da. Modu horretan, Bizkaibus zerbitzuaren gabeziak identifikatu dituzte, bai eta proposamenak prestatu ere, udal ordezkari guztiekin adostuta. Bizkaiko Foru Aldundira bidali dituzte, eta erantzunaren zain daude. Loturekin jarraituta, Sollubeko tunelak aipatu ditu: “Horiek abiarazteko lehendabiziko bilera bat egin dugu ahaldun nagusiagaz, eta jarraipena edukiko dute”.
Irisgarritasuna lantzen ere badabiltza; Zarragoitxin hasiko dira. Oinezkoentzako, ibilgailuentzako eta larrialdietako ibilgailuentzako irisgarritasuna hobetzeko lanak berehala hasiko dituzte.
Ekonomia garapenerako proiektuak ere “garrantzitsuak” dira udal gobernuarentzat. Modu horretan, Lokalbide programaren bidez, Alde Zaharreko lokal hutsen errolda egiten ari dira, eta era berean, aldundiagaz batera BEAZ proiektua martxan jarri dute. Bestalde, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) egitasmoaren baitan, herriko ekonomiaren garapena landuko duen lantaldea sortu dute.
Turismo jasangarri baten aldeko lana egiten ere badabiltza, “gure ingurune naturala eta gure nortasuna balioan jartzen duena”. Gaztelugatxeko bisitariak Bermeora erakartzen saiatu ziren udan, bisita gidatuen bitartez; “Gaztelugatxe baino gehiago garelako”.
Udalaren kudeaketa. Lan guztia gardentasunez eta kudeaketa arduratsugaz egin gura dutela diote. Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuaren kudeaketa eta zerbitzua zertan hobetu daitezkeen jakiteko kudeaketa auditoria bat egiten dabiltza, bai eta agintaldiko plana ere, sailez sail.
2020. urterako aurrekontu proiektuaren zirriborroa ere prest daukate; emendakinak aurkezteko tartean daude. Datorren hilabetean onartu gurako lukete, “ahalik-eta babesik handienagaz”.