Euritan korrika ibili dira ehunka ume Gernikako Milia Herrikoian
Atletismoa herritarrengana hurbiltzea helburu duen jaiak 35 urte bete ditu aurten.
Umeen txanda bat irteera puntutik ateratzen Eguraldi zantarra iragarrita zegoen atzorako, eta hala egin zuen. Hala ere, Gernika-Lumoko atletismo taldeak milia herrikoiagaz aurrera egitea erabaki zuen, eta gutxi-gutxika ume eta gazteak ere Mestikabaso kalera hurbiltzen joan ziren. Hortaz, euria ez zen oztopo izan milia herrikoian parte hartu zuten ehunka ume eta gazteentzako, ez eta eurekin bertaratu ziren gurasoentzako ere.
Hain zuzen, horixe nabarmendu zuten Gernikako Arin Arin Aletismo Taldearen arduradunek. Eguraldia lagun izan ez arren, erantzuna jendetsua izan zela. 620 eskola umek aurretiaz izena eman zuten, eta 500 bat bildu ziren atzo. Ia 40 txandatan banatuta egin zuten proba. Kategoria nagusietan, ostera, parte hartze “apalagoa” eduki zuten. Gazte eta absolutu mailetan, 30 atletak lehiatu zuten milia. “Gure aurreikuspenak gaindituta geratu dira parte hartzeari dagokionez. Gainera, giro busti eta euritsua izan arren, aterki azpian gordeta, jende asko bildu zen lasterketa ikusteko. Erantzuna masiboa izan da, proba errotuta dagoenare adierazle”, adierazi dute antolatzaileek. Beste urte batez, udalerriko lau ikastetxeetako (Allende Salazar, Mertzede, San Fidel eta Seber Altube) ikasleekin batera, Arratzuko Barrutia, Muxikako Urretxindorra eta Busturiko Jose Maria Uzelai eskoletako umeek parte hartu zuten.
Aurrebenjamin, benjamin, kimu eta txiki kategorietan nesken parte hartzea “nabarmena izan dela” zehaztu zuten: “Azken urteotako goranzko joerari eutsi dio aurten ere. Parekotasunaren bidean, beste urrats bat eman da”.
16:00etan puntuan hasi ziren txikienak korrika, eta txandatan banatuta egin zuten korrika. Zegozkien zirkuitua amaituta, domina bana hartu zuten eskola umeek. Lasterketa 19:30ean amaitzea zegoen aurreikusita, baina eguraldi txarragatik, lasterketako txandak arinago joan ziren eta aurreikusitako ordua baino goizago amaitu zuten. Ohi legez, parte hartzaileek lau mailatan banatuta parte hartu zuten.
Gazte eta absolutu mailetako atletek “lasterketa azkarra eta ikusgarria” burutu zutela azpimarratu dute antolatzaileek. Seniorren lasterketan, Leire Sanchez gernikarrak eta Patrick Saitua gautegiz arteagarrak jantzi zituzten txapelak. Gizonezkoetan, baina, Mikel Fernandez gazteak irabazi zion lasterketan, “bien arteko esprint ikusgarrian”.
Gazte mailan, nesketan, Gernika Atletismo Taldeko hiru kidek osatu zuten podiuma: Mirari Martinezek, Naia Aretxederrak eta Iara Auzokoak. Mutiletan, Iñigo Unda eta Aitor Lafuente sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Aldaba aldizkariko ordezkariak txaparekin. Argazkia: Txebi Arriaga
Omenaldia. Atletismoa herritarrengana hurbiltzea helburu duen jaiak 35 urte bete ditu aurten. Aldaba Aldizkariak jarri zuen ekimena martxan 1984ean, eta orain dela bost urte Gernikako Arin Arin Atletismo Taldeak hartu zuten lekukoa.
Urteurrena aprobetxatuta, antolatzaileek esker ona adierazteko omenalditxoa eskaini zioten Aldabakoei. Vicente del Palaciok, Javi Yarzak eta Mario Insunzak plaka oroigarria jaso zuten. Ekitaldian, milia antolatzeko egindako lanaz gain, herrian kulturaren alde egindako lana ere aitortu zieten Aldizkariko kideei.