Iparragirren batuko dira gaur Musika Gida Morea aurkezteko
Emakumeen presentzia duten musika taldeen gida eta haren webgunea aurkeztuko dituzte More Fest jaialdian. Siroka, Humus eta The Lizards taldeek joko dute bihar.
More Fest jaialdia egingo dute gaur eta bihar, Iparragirren. Musika Gida Morea ekimena eta webgunea aurkeztuko dituzte gaur, 20:30ean hasita.
Bihar, 21:00etatik aurrera, ostera, Euskal Herriko eta Kataluniako musika taldeen kontzertuak hartuko ditu lokalak: Enkarterriko Siroka, Tolosako Humus eta Bartzelonako The Lizards.
2017an egin zuten lehenengoz More Fest jaialdia, baina orduan kontzertuak bakarrik egin zituzten. Musika Gida Morearen proiektua, berriz, orain dela urte bete jarri zuten martxan, eta gaur aurkeztuko dute egindako lanaren emaitza. “Gaur jarriko dugu martxan webgunea”.
Musika Gida Morea emakumezkoen presentzia duten musika taldeen bilatzaile bat da, datu basea. Esate baterako, taldeko emakume kopuruaren edota musika estiloaren araberako bilaketak egin ahalko dituzte erabiltzaileek. Dagoeneko 26 bat musika talderen fitxak osatu dituzte.
Beraz, emakumezko musikariei ikusgaitasuna emateagaz batera, euren jaialdietarako edo kontzertuetarako emakumezko taldeak kontratatu gura dituztenentzat tresna baliagarria da: «Askotan aitzakia izaten da emakumezkoen talderik ez dagoela, eta hemen ikusten da egon badaudela, baina, agian, ez zaiela ikusgaitasunik ematen. Aurreiritziak atzera botatzen ditu tresna honek».
Solasaldia. Aurkezpenaren ostean, mahai ingurua egingo dute. Gertuko ekitaldia izatea da antolatzaileen asmoa, eta horretarako inguruko jendea gonbidatu dute. Iparragirreko, Trinketeko eta Astrako programatzaileekin batera, norbanakoak batuko dira solasaldian, tartean, inguruko musikariak. Aurkezpenera gonbidatu dituzte gernikarrak zein inguruko herrietako bizilagunak.