Andra Mari Koralak kontzertua eskaini du Toron
Gernika-Lumoko Andra Mari Koraleko kideek Santa Maria la Mayor kolegiata bete dute. Gainera, asteburu pasa bertako txoko ederrak bisitatzeko aprobetxatu dute.
Torok eta Gernika-Lumok lotura estua daukate. Asko dira Zamorako herri horretatik bertora etorritakoak. Ehunka kilometrok bereizi arren, ehunka herritarren bihotzek hurbil daudela erakusten dute. Andra Mari Koralaren kideek are gehiago hurreratu dituzte asteburuan. Izan ere, kontzertu berezia eman zuten zapatu gauean bertako Santa Maria la Mayor kolegiatan.
Errepertorio zabala eskaini zuten entzuleen gozamenerako. Kolegiatako organo barrokoak lagunduta abestu zituzten, besteak beste, Hilario Eslabaren Ave Maria eskeintzeko, Mozarten Ave Verum eta Johann Sebastian Jesus bleibet meine Freude.
Beste partituren artean, Javier Bustoren Esta tierra kantatu zuten unea berezia izan zela nabarmendu dute. “Konpositore gipuzkoarrak Valladolideko Francisco Pino poetaren testua oinarritzat hartuta sortu zuen, beraz, bertan kantatuta, kanta horrek aparteko esanahia hartu zuen”.
Euskal errepertorioko klasikoak diren Maitia nun zira, Kantuz, Oi ama-Zer plazerra edo berriagoak diren Arrosarik ez da ere eskaini zituzten. Eta baita urrunagoko La tarde boleroa edota Shenandoah amerikarra.
Eliza bete jende. «Publikoak goraino bete zuen eliza. Organo eta guzti, Gernikako Arbola bis moduan eskeinita amaitu genuen kontzertu ederra», azaldu dute.
2017ko urrian Toroko Lira musika banda egon zen Gernika-Lumon eta orain eurak animatu dira. Oso harrera ona eduki dutela zehaztu dute: “42 pertsona joan ginen, eta han bertoko jende asko ikusi genituen, ezagun asko”.
Udalari eta aginte eklesiastikoei kontzertua hain kolegiata ederrean egiteko aukera emateagaitik eskerrak eman dizkiete koralaren ordezkariek. “Kontzertuaren ostean aukera euki genuen toresano- gernikar ezagunakaz egoteko, herri bien arteko loturak estutuz. Askorentzako emozinoz beteriko momentua izan zan hori”.
Udalerriko hainbat leku esanguratsu ere bisitatu zituzten Tomas del Bien alkatearen eskutik, Gazta museoa eta zezen plaza, besteren artean. “Alkatea historialaria da, eta oso gidari ona. Eskerrak emon behar dizkiogi gidari lanak itzelean egin zizkigulako”. Bariku arratsaldean Gernika-Lumotik abiatuta, gauez heldu ziren Torora eta zapatua bertan pasatu ostean, domeka Zamora bisitatzeko aprobetxatu zuten.
Urte amaierako saioak. Asteburuko kontzertuaren ostean, hurrengo hitzorduetara begira daude Andra Mari Koralekoak. Urtea amaitu aurretik, Gernika-Lumon beste bi emanaldi hitzartuta dituzte.
Azaroaren 30ean, Fair Saturday ekimena egingo dute Bermeoko Izaro Abesbatzeko kideekin. Mertzedeko elizan abestuko dute, 18:00etatik aurrera.
Abenduaren 21ean, berriz, Gernika-Lumoko Gaudeamus koralagaz batera, Gabon Kantak kontzertua eskainiko dute Andra Mari Parrokian, 20:00etan.